Jolastoki berria izango du laster, Askatasuna plazak

Noaua Aldizkaria 2015ko uzt. 15a, 12:57

Haur parkerik gabe, eta orain arte zegoen bi jolastokietako bat hesitua. Ondoko irudiotan agertzen den itxura du egun, Askatasuna plazak. Baina ez denbora askorako. Atzerapenik ez bada, uztaila amaitzerako haur parke berria kokatuko baitute bertan, zorua prestatu eta jokoak jarri ostean.

Gogoan izan, egoera txarrean zen jolas parkea berritzeko parte hartze prozesua antolatu zuela udaberrian, Usurbilgo Udalak. Hiru jolas parke eredu berri proposatu zituen herriko hainbat guraso eta haurren topagune izan ohi den eremurako. Hiru ereduotako baten alde bozkatzeko aukera izan zuten herritarrek, herrian pare bat astez jarritako zenbait kutxetan. Ekimenak oihartzun zabala izan zuen. Guztira, 248 bozka jaso ziren. Udaletik, "eskerrak eman nahi dizkiegu parte hartu eta beraien iritzia eman dutenei". 

Ondoko irudiko 3 jolas parke ereduen artean bat hautatu behar izan zuten herritarrek. Bozkatuena A eredua izan zen. Balorazio teknikoan ere, puntuazio altuena lortu duen eredua izan zen:

A aukera: 137 bozka. Balorazio teknikoa: 96 puntu.

B aukera: 68 bozka. Balorazio teknikoa: 84,45 puntu.

C aukera: 34 bozka. Balorazio teknikoa: 64,48 puntu.

Argi denez, A aukera izan da herritarren eta teknikarien ikuspuntutik, babesik handiena jaso duen haur jolastoki eredua. Atzerapenik ez bada, uztaila amaierarako prest izango den parke berriak jolasok izango ditu:

2-7 urte artekoentzako gunea:

-Erle forma duen malgukia.

-Taldean kulunkatzeko barraskiloen malgukia.

-Gamelu formako txirrista.

-Etxetxoa.

-2 eserlekuko kulunka.

-Plataformako kulunka.

-Tren forma duen txirrista.

-Kautxuzko zorua.

8-12 urte artekoentzako gunea

-2 solairuko 2 dorre dituen jokoa, txirrista, txirrista-tunela eta orekarako ibilbidea.

-Kautxuzko zorua.