"Zure metroa behar dugu Klikmetroan"

Noaua Aldizkaria 2015ko uzt. 20a, 10:52

300 metro osatzeko bidean den Klikmetroak egitasmoan parte hartzeko deialdia egiten dute. Herritarren atxikimendu mezuekin, metroz metro #Kilometroak15-en aldeko zirkuitu birtualari ahalik eta itzuli gehien ematean oinarritzen den ekimenerako jada, ibilbideko 2.517 metro babesteko 429 babesle lortu dituzte. "Metroa egin duzuenok, animatu lagun eta familiakoak ere gauza bera egitera", luzatzen dute gonbita Klikmetroak egitasmoko sustatzaileek.

Norbanako bat, metro bat

KLIKmetroa egitasmoan parte hartzea oso erraza da eta doakoa. Norbanako bakoitzak metro bat egitean oinarritzen da “eta, bakoitzak metro bana eginda, ibilbideari ahalik eta itzuli gehien ematea. Bisitariek egindako metro bakoitzeko, babesleek dirua jarriko dute Kilometroak festaren alde”. Ibilbideko metro bakoitza, nork egiten duen, idatzitako mezua eta metroa diruz lagunduko duen babeslea, guztia ikusgarri egongo da, klikmetroak.kilometroak.eus  atarian.

Norbanakoen atxikimenduekin metroz metro ibilbidea nola osatzen doan ikusi ahalko da gainera, mapa batean. CodeSyntax enpresak garatu du web orri berriaren diseinua. Usurbilgo ediziorako espreski sortua, gailu guztietarako egokitua, eta irisgarria. Gogoan izan, #Kilometroak15-ek, besteak beste, inklusibotasuna sustatu nahi duela. Web orria ere denontzako irisgarri izatea bermatu nahi dute eta atari berrian denok parte hartu ahal izatea, “Guztiok Gattunk” eta. "GATTUNK jaiaren hedapena eta Kilometroak proiektuaren alde sostengu ekonomikoa lortzea ahalbidetzen duen tresna da KLIKmetroak. Beraz, animatu, parte hartu, eta zabaldu!", diote antolatzaileek.

Zuen atxikimendua ematerakoan, aintzakotzat hartu beharreko bi ohar garrantzitsu. Batetik, erabiltzaile bakoitzak metro bakarra egin ahalko du ibilbide birtualean, “pertsona askok metro bana egitea da erronka”. Eta atxikimendu mezuek urriaren 4an Usurbilen ospatuko den jaialdiarekin lotura izan beharko dute. Ataria arduraz baliatzea eskatzen dute.

Saritua eta sarean nabarmendua

KLIKmetroak, Gipuzkoa mailan euskara hutsean bideratzen den egitasmo esanguratsuenetarikoa da. 2011n Azpeitiko Ikasberri Ikastolak abiaturiko egitasmoak gainera, urte hartako publizitate alorreko Argia Saria jaso zuen, "egindako lana aitortuz, baita proiektuaren izaera berritzailea azpimarratuz".

Honakoa KLIKmetroak-en bosgarren edizioa izan arren, Kilometroak jaialdiaren lehen urteetako filosofia berreskuratzera dator. "Jaiaren hastapenei keinu egin eta zirkuitua Kilometroak jaiaren erdigunean kokatzen duen proiektua da KLIKmetroak. 1977an Beasain eta Lazkaon ospatu zen Kilometroak jaia lehen aldiz. Lehen urte hartan eta ondorengo urteetan enpresek eta elkarteek, korrikalari, ibiltari nahiz pertsonaia ezagunak babesten zituzten. Eta babestutako pertsonek zirkuituan zehar egindako kilometroen kopuruaren araberako ekarpen ekonomikoa egiten zioten zegokion ikastolari. Jaiaren hasierako urte haietako filosofia berreskuratu asmoz landu nahi da ekimena; beti ere, garai berrietara egokituz", antolatzaileen esanetan.

Informazio gehiago: klikmetroak.kilometroak.eus