Joxe Mari Zubimendi, Zubietako alkatea: “Deszentralizazioan baino gehiago, errespetuan eta gizalegean sinesten dugu”

Noaua Aldizkaria 2015ko uzt. 24a, 16:27

Uztaila hasieran osatu zen Zubietako Herri Batzarra. Datozen bi urteotan, Joxe Mari Zubimendi izango da Zubietako alkate. Jaien aitzakian, elkarrizketa hau eskaini dio NOAUA!ri.

Usurbil aldeko hautagaien artean, zu izan zinen bozkatuena. Zer suposatu zuen horrek zuretzat?

Joxe Mari Zubimendi: Legegintzaldi honetarako Herri Batzarra osatzeak nahikoa buruhauste ekarri dio bati baino gehiagori. Jendeari kosta egiten zaio pausua ematea, gainzama balira bezala hartzen baitira gisa honetako karguak, herrigintzan aritzekoak, alegia. Nik ere batzarkide izateko  lehen gonbitari ezezkoa eman nion, baina hautagaiak aurkezteko epea gainera etorri ahala, eta ikusirik ez zela batzarkide izateko herritarrik animatzen, azken unean aurkeztu nintzen batzarkide izateko.

Hauteskundeetan izandako emaitzak ikusirik, azken uneko baiezko hark pisu gehiago du, neure burua bultzatzen baitut eginkizun berriei ahalik eta erantzukizun eta ardura handienaz heltzera.

Pertsonalista baino, taldeko lana da herri batzarreko funtzionamendu eredua. Pozik al zaude osatu den lan-taldearekin?

Batzarkide garen guztiok puntu batek elkartzen gaitu; geure borondatez gaude Herri Batzarrean, eta talde-lan txukun bat egiteko gogoz. Honelako ardurak izatea sufritua izan daiteke batzuetan, eskuartean ditugun aferak luzerakoak dira eta ez dute berehalako emaitza eta aitormenik izango. Bestalde, Usurbil eta Donostiako Udal Gobernuen menpe jarduteak asko mugatzen du gure lana, haien jarrerak guztiz baldintzatu dezakeelako gure jarduna.

Honen guztiaren jakitun izanik ere, ziur nago osatu dugun taldeak lan duina egingo duela, balio anitzak dituena dela uste dut-eta.

Azken aldian, Donostia aldeko alkatea ere bertaratu da Zubietako Herri Batzarraren  eratze-ekitaldira (Juan Karlos Izagirre  duela lau urte, Eneko Goia duela hiru aste). Herri  Batzarrari harrera hobea egiten al zaio akaso azken urteotan?

Gaur egun politikagintzan kanpora zabaltzen den irudia asko zaintzen dela uste dut, garrantzitsua da herritarrekiko gertutasun hori transmititzea, eta eratze-ekitaldia aukera polita da horretarako. Eneko Goiak deszentralizazioaren mezua aipatu zuen, zehaztapenik gabe eta oso modu orokorrean. Erakunde arteko harremanak onak izan daitezen, deszentralizazioan baino gehiago errespetuan eta gizalegean sinesten dugula esango nuke, eta Herri Batzarrari Donostiako Udalean egingo zaion harrera ikusteke dago. Gure aldetik gogo biziz gaude harremanak prestutasunez eta gizalegez lantzeko.

Eratze-ekitaldian, lankidetzaz hitz egin zenuen alkate kargua hartu eta segituan. Horretarako borondate ona sumatu al zenien Usurbil zein Donostiako alkateei?

Lehen aldiz nabil erakunde mailan lanean, ez dut lehenago inoiz politikari ezberdinekin halako harremanik izan, lehen pertsonan behintzat. Enekoren berri banuen, baina oso urrutitik. Xabier gertuagotik ezagutzen dut, baina maila pertsonalago batean. Entzun ditut kolore guztietako iritziak bi alkateei buruz, baina uste dut garrantzitsua dela harreman berriak hastera goazen honetan aurreiritziak alde batera uztea, ez dezaten uste horiek -esaerak dioen bezala, usteak erdia ustel- etorkizunean izango ditugun harremanak baldintzatu.

Herri Batzarra eratu zen egunean, “Errausketarik ez, ez lehen, ez orain” zioen pankarta zabaldu zuten herritar batzuk. Zubietan kezka hori berpiztu den seinale, ezta?

Zubietan kezka hori azken lau urteetan ere hor egon da. Litekeena da batzuek borroka hori irabazitzat ematea, baina hainbeste eredu eta hainbeste interes jokoan daudenean, proiektu hauek ezin dira arinkeriaz hartu. Jende asko dabil erraustegiaren proiektuaren atzean lanean, baina ez gara gutxiago beste eredu baten alde gabiltzanok ere. Herritarren mezua oso argia izan zen, eta ulertu behar zuenak ulertu zuela esango nuke.

Datozen lau urteetan, zeintzuk izango dira Zubietaren erronka nagusiak?

Zubietarrok Zubietako herriaren alde lan egingo dugu, hainbat mailatan eta guztion interesen defentsan. Erraustegiaren proiektuaren aurkakoa izan daiteke erronka nagusiena, baina erronka txikiagoak ere asko ditugu, eta guztietan lan egiteko gogotsu gaude. Zubietar guztiei luzatzen diet gonbita erronka hauei elkarrekin aurre egin diezaiogun. Zubietako armarriak dioen bezala, “Batu, ez banandu”.

“Etorri jaietan, giro paregabeaz gozatzera”

Santio festak aurrez aurre ditugu. Zer esango zenieke zubietarrei eta, oro har, Usurbilgo herritarrei?

Zubietar guztiak gonbidatu plazara Santioak elkarrekin ospatzera, eta usurbildarrei ere gonbita luzatu Zubieta herrira etor daitezen giro paregabeaz gozatzera.

Zubietako Herri Batzarra osatu zenean, ondoko bideoa osatu genuen: