Ziortzaren lipdubak, 1.000 ikustalditik gora

Noaua Aldizkaria 2015ko uzt. 23a, 13:09

#Kilometroak15 Usurbilen ospatuko dela jakinarazi zenetik, asko izan dira jai honen alde antolatu diren ekimenak. Ziortzako gazteak kanpaldian dira Peñaloscintos errioxar herrian. Eta ikusentzunezko baten bitartez batu dira #Kilometroak15-en aldeko olatura. #LotzenGattunk abestiarekin lip-dub bat grabatu dute, hain zuzen. Uztailaren 18an kanpaldiko lehen txandako gazteek egina da, baina gaur zabaldu dute sare sozialetan.

Bideoaren amaieran irakurriko duzuenez, eskerrak eman nahi dizkiete "#Kanpaldia15 osatu duzuen guztioi. Lip-duba eta, batez ere, kanpaldia bera posible egin dutenei". Ziortzako eta kanpaldiko begiraleak, sukaldeko nahiz mantenuko taldeak, gazte akanpatuak, Ziortzako azpiegitura taldea, muntaiko gurasoak, Peñaloscintoseko herria eta "modu batera edo bestera laguntzen gaituzuenok".