#Kilometroak15: “Zure metroa behar dugu Klikmetroan”

Noaua Aldizkaria 2015ko uzt. 29a, 12:40

Herritarren atxikimendu mezuekin, metroz metro #Kilometroak15-en aldeko zirkuitu birtualari ahalik eta itzuli gehien ematean oinarritzen da Klikmetroak. Ibilbideko 2.517 metro babesteko 429 babesle lortu dituzte. “Metroa egin duzuenok, animatu lagun eta familiakoak ere gauza bera egitera”, luzatzen dute gonbita Klikmetroak egitasmoko sustatzaileek.

Klikmetroak egitasmoan parte hartzea oso erraza da eta doakoa. Norbanako bakoitzak metro bat egitean oinarritzen da “eta, bakoitzak metro bana eginda, ibilbideari ahalik eta itzuli gehien ematea. Bisitariek egindako metro bakoitzeko, babesleek dirua jarriko dute Kilometroak festaren alde”. Ibilbideko metro bakoitza, nork egiten duen, idatzitako mezua eta metroa diruz lagunduko duen babeslea, guztia ikusgarri dago, klikmetroak.kilometroak.eus  atarian.

Zuen atxikimendua ematerakoan, aintzakotzat hartu beharreko bi ohar garrantzitsu. Batetik, erabiltzaile bakoitzak metro bakarra egin ahalko du ibilbide birtualean, “pertsona askok metro bana egitea da erronka”. Eta atxikimendu mezuek urriaren 4an Usurbilen ospatuko den jaialdiarekin lotura izan beharko dute. Ataria arduraz baliatzea eskatzen dute.

 

Balkoiak eta leihoak Gattunk banderolez apaintzeko deia

Gattunk leloa herrian ikusgarri egiteko, zer hobeto ekimenaren aldeko banderolak balkoi eta leihoetan jartzea baino. Eskuratu ez badituzue adi; Gattunk Dendan zeudenak agortu dira. Baina eskaera berria bideratu dute eta epe motzera berriz salgai izango dituztela berri eman digute. “Asmoa, irailerako, #Kilometroak15 egunerako gutxi falta denean, herria banderola berdez jostea da”, antolatzaileen esanetan.

 

Gattunk munduan

Zuetako asko oporretara joanak izango zarete, beste hainbat maletak prestatzen. Zuen ekipajean sartu Gattunk banderola eta zoazten lekura zoaztela, atera argazki bat #Kilometroak15-en leloa islatzen duen oihalarekin. Eta segidan, zabaldu antolatzaileek zabalik dituzten komunikazio bideotatik, sarean ere “baGattunk” eta:

www.kilometroak.eus

Facebook: Kilometroak 2015 Usurbil

Twitter: @kmk15usurbil

Instagram: @kmk15usurbil

Flickr: www.flickr.com/photos/kmk15usurbil/