20:00etako txupinazoarekin, igandera arte jai Atxegalden

Noaua Aldizkaria 2015ko abu. 28a, 12:14

Karpa, oholtza eta txosna prest ditu jada Jai Batzordeak. Festak hasteko ordu batzuk baino ez dira geratzen. Jaixkipe txarangarekin Kaxkoan poteatzen ibili ostean, 20:00etan emango zaie hasiera Atxegaldeko jaiei. Igandera arte festa giroa, kontzertu, afari, jolas eta txapelketen bueltan.

Ze Esatek! bueltan

Atxegalde ederki ezagutzen duen musika taldeak girotuko du jaietako lehen gaua. 'Ibuprofeno Tour' bira amaitzear duen Ze Esatek! taldearen kontzertua ostiral honetan, 23:00etatik aurrera auzoko plazan. Gogoan izan, une honetan, disko berria grabatzen ari dira Tolosako Bonberenean. Eskaintzeke dituzten azken kontzertuen ostean, aurrerago itzuliko dira oholtza gainera, lan berriarekin.

Zaparra eta Gozo gozo taldeek osatuko dute ostiral honetako kontzertu gaua.

Afaritarako txartelak salgai

Kantuan eta giro ederrean ospatu ohi den Atxegaldeko festetako herri afaria aurten, euskal ukitukoa izango da. Euskal afari musikatua antolatu dute, larunbat gaueko 21:00etatik aurrera, festetako plazan kokatuko den karpa azpian. Joan den martxoan, Korrika eta #Kilometroak15 bateratu zituen Badok 15 ekimenerako osatu zen Iñorkiñak erromeria taldeak girotuko du hitzordua. Jai Batzordeko kideek, otordurako egoki jantzita bertaratzera animatzen dituzte herritarrak. "Atera euskal jantziak armairutik eta etorri festara!", luzatu dute gonbita. Afaritarako menua ere prest dute:

-Tomate entsalada.

-Oilaskoa saltsan.

-Postre berezia.

Afaritarako txartelak 15 eurotan dituzue salgai, Artzabal eta Txirristra tabernetan eta Atxegaldeko Alkorta saltokian.

Uda giroa

Eguraldia ez da aitzakia izango, egunotan Atxegaldera ez gerturatzeko. Giro eguzkitsua izango baita, bai gutxienez igande arratsalde edo iluntze partera arte. Berotik dator asteburua, abisu horiaren eraginpean egongo gara tenperatura altuengatik. Iragarpena Euskalmet atarian kontsulta dezakezue.

Abuztuak 28 ostirala

17:30 Herri poteoa Jaixkipe txarangarekin.

20:00 Txupinazoa.

Jarraian, txoznaren irekiera eta luntx mundiala.

23:00 Kontzertu gaua: Zaparra, Ze Esatek!, Gozo gozo.

Abuztuak 29 larunbata

11:00 Umeentzako jokoak eta opari banaketa.

14:00 Herri bazkaria (norberak etxetik ekarria).

16:00 Mus txapelketa (15:30-16:00 izen ematea).

Ondoren, haurrentzako antzerkia: Bertsol Haritza.

18:30 Txokolatada.

Ondoren, buruhandiak.

21:00 Euskal-Afari-Musikatua Iñorkinak taldearekin.

Gauean: Ingo al deu!, DJ Burunda.

Abuztuak 30 igandea

12:00 Haur eta helduen toka txapelketa.

Ondoren, salda eta pintxo banaketa (Alkorta autozerbitzuaren eskutik).

17:00 Mastertxef txikia.

18:30 Bertso musikatuak.

22:30 Azken traka.

Antolatzailea: Atxegaldeko Jai Batzordea.