Gau-jai jendetsua bart Atxegaldeko jaietan

Noaua Aldizkaria 2015ko abu. 30a, 16:28

Txartelak aurrez zenbait lekutan saltzen aritu arren, azken egunetan jende gehiago animatu eta azkenean karpa azpia bete zuten bart. Giro ederra Atxegaldeko jaietako Euskal Afari Musikatuan. Euskal jantziekin dotore asko Jai Batzordeko kideak baita afaltzera joandako hainbat lagun; auzokoak bat baino gehiago, atxegaldetarren biltokia izan baita 9 urteotan ospatu izan den herri afaria. Baina baita usurbildarrak ere, lagun koadrilak gehienean, Artzabal jatetxekoek prestaturiko menu goxoa dastatu eta Iñorkiñak herriko taldeak giroturiko ekitaldira gerturaturikoak.

Jai giroak, beheko plazan segi zuen gero Ingo al deu taldeak dantzan jarri zituen guztiekin. Orduek aurrera egin ahala, jaietako gunea jendez bete zen. Ia egunak argitu duen arte luzatu da festa, Dj Burundarekin. Txosnan Jai Batzordekoak dena emanda, gau osoan bertaraturikoen egarria ase ezinik, edatekoa etenik gabe zerbitzatzen aritu dira. Parranda giro bikaina bart Atxegalden.

Euskal afari musikatuko zenbait irudi segidan: