Asteburuko egun sargoriek bidean dakarte "ordaina". Prezipitazio handiak espero direlakoan, astelehen honetarako abisu horia emana zuen arren, alerta maila laranja kolorera igo berri du Euskalmetek. Alerta laranjan egongo gara astelehen arratsalde honetan, 15:00etatik 21:00etara. "Zenbait lekutan ordubetean 30 l/m2 baino gehiago pilatu daitezke, bereziki ekialdean. Zaparrada txiki-ertainak eta trumoitsuak botako ditu, baliteke zenbait lekutan handiak edo oso handiak izatea eta txingorra botatzea, bereziki ekialdean. Ekaitz-guneetan haize-bolada gogorrak eta oso gogorrak izan daitezke", Euskalmet-ek ohartarazi duenez.
Iluntzeko 21:00etatik goizaldeko 6:00ak arte abisu horiaren eraginpean jarraituko dugu. Tarte horretan, "Kantauri isurialdeko zenbait lekutan ordubetean 15 l/m2 baino gehiago pilatu daiteke, bereziki kostaldean. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu, sarri eta ugari, eta baliteke zenbait lekutan handiak izatea, bereziki kostaldean".
Abuztuak 31, astelehena
"Ekaitz-giroa. Goizean goiz hegoaldeko haizea ibiliko da ia edonon eta zaparradaren bat leher daitekeen arren, orokorrean ateri egongo da eta ostarteren bat zabalduko da. Goizak aurrera joan ahala haizea iparraldera aldatuz joango da eta lainoak trinkotu egingo dira. Eguerdian eta arratsaldean zaparrada ugari lehertuko dira gurean, zenbait lekutan handiak botako ditu ziurrenik eta txingorrarekin eta haize-bolada zakarrekin batera. Gauean atertzera egingo du apur bat, ekaitzak desegiten joango baitira, baina euria egingo du oraindik. Arratsalde-gau partean iparraldeko haizea ibiliko denez, tenperaturak behera egingo du nabarmen eta minimoak azken orduetan neurtuko ditugu".
Irailak 1, asteartea
"Astearte goizaldean zaparrada trumoitsu batzuk bota ditzake oraindik. Gainontzeko orduetan ez du hobetzera egingo; hodeiak ugariak izango dira eta giro iluna eta bustia espero da. Euria ere egingo du, gehiena goizean eta isurialde atlantikoan. Arratsaldea aurrera joan ahala atertzera egingo du eta ostarteren bat zabalduko da. Iparraldeko haizea ibiliko da, arratsaldean indartsu. Tenperatura maximoek behera egingo dute berriro eta altuenak 20ºC inguruan geratuko dira, Ebro ibarrean gradu pare bat gorago".
Irailak 2, asteazkena
"Asteazkena ere lainopean igaroko dugu, iparraldean behintzat, baina gauera arte ez da euririk espero. Hodeien artean ostarte batzuk zabalduko dira, batez ere eguerdian, eta tenperatura gradu pare bat igoko da; maximoak 21 edo 22ºC-ren bueltan egongo dira. Iparraldeko haizeak joko du, arratsaldean bolada gogorren batekin. Arratsaldearen amaieran hodeiak ugaritu egingo dira hegoaldetik eta gauean zaparrada txiki batzuk botako ditu, batez ere barnealdean".
Informazio eguneratua: Euskalmet