Suziri koloretsu artean, agur Atxegaldeko festei

Noaua Aldizkaria 2015ko abu. 31a, 14:05

Azken traka burrunbatsu baina batez ere koloretsuarekin amaitu dira bart, 2015eko Atxegaldeko jaiak. Hona hemen, atxegaldetar batek bidali dizkigun ekitaldiko pare bat bideo:

traka 1

traka 2

Asteburu osoan bezala, giro sargoriarekin amaitu dira festak. Aipatzekoa aurten, karpa azpiak bete duen funtzio garrantzitsua; eguneko ordu beroenetan hainbat ekitaldi itzalpera lekuz aldatu ditu Jai Batzordeak. Eta baita asmatu ere. Bai eguneko hainbat hitzordu, zein larunbat gaueko Dj emanaldia ere aipatu gunean ospatu baitzen. Eta ekitaldiotan festa tokia jendez bete dela ikusita, egokitzapenarekin bete-betean asmatu dutela aipatu behar. Txosnan ere gelditu gabe aritu dira lanean. Ostiral zein larunbat gau partean, bertaraturikoen egarria ase ezinik. Gainerakoan, giro bikaina eta lasaia asteburu osoan zehar Atxegalden.

10. edizioari begira jada

Argazkitegia eta NOAUA! TB ataletan dituzue, hurrenez hurren asteburuan zehar Atxegalden atera ditugun argazki eta bideoak. Jaietako azpiegitura sarea desmuntatzeko eguna zuten astelehen hau. Festak 2016an itzuliko dira. Urte berezia izango da, Atxegaldeko jaien 10. edizioa ospatuko baita.