Errausketaren aurkako giza-katea, irailaren 13an Kontxan

Noaua Aldizkaria 2015ko ira. 1a, 12:30

Errausketaren aurkako herri plataformen koordinakundea, Eguzki, Ekologistak Martxan, Donostia Bizirik taldeek eta Zero Zabor Ingurumen Babeserako Elkartetik, irailaren 13an Donostian errausketaren aurka deitu duten giza-katera joateko gonbita luzatzen diete herritarrei. Mobilizazioa, Kontxako Banderaren 2. jardunaldi egunerako antolatu dute. Hilaren 13an aipatu moduan, goizeko 11:30etan Kontxako hondartzan. Alderdi Ederretik hondartzara jaisteko tokian finkatu dute biltzeko hitzordua. "Errausketarik ez! Ez lehen eta ez orain" lemapean burutuko da giza-katea.

Ez da uda honetan egingo den errausketaren aurkako lehen mobilizazioa izango. Abuztuaren lehenean ospatu zen Donostiako Klasikoa txirrindularitza proba egunean, "Errausketarik ez" zioen pankarta erraldoia eseki baitzuen Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundeak Antiguoko tunelaren ondoan.

"Zaborren kudeaketa", Aldundi berriaren 6 ardatzetako bat

Gogoan izan, Gipuzkoako Foru Aldundiak Zubietako erraustegia eraikitzeko lanei 2019an ekingo diela iragarria du. Legegintzaldi honetan gauzatu nahi duen programaren baitan izango da. Programa "ia amaitua" omen du Diputazioak, web bidez berri eman duenez. Sei egitasmo nagusi biltzen ditu programak: "zaborren kudeaketa, krisia eta enplegua, gizarte politika, gobernu ona, azpiegituren gestioa eta kultura". "Zaborren kudeaketa" beraz, Aldundi berriaren legegintzaldi honetako ardatzetako bat.

Iraila amaieran aurkeztuko omen dute aipatu programa. Segidan, "diputatuekin, Foru Aldundiko langileekin eta Gipuzkoako eragileekin" eztabaidatu asmo dutena. “Gestio plana oso elementu garrantzitsua da guretzat, eta azken emaitza aberasteko ekarpen guztiak jaso nahi ditugu”, adierazi berri du, ekimen honen lidergoa hartuko duen Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak.

4 urteotan jorratutako bideari segida emateko eskaera GHK-tik

Aldundi berriak hondakinak errausteko bidean sakontzeko asmoa agertu duen artean, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak hondakinak bestela kudeatzeko urratsak ematen dabil. Epeleko konpostatze planta aurkeztu zuten joan den astean, Ainhoa Intxaurrandietak eta Imanol Azpirozek, GHK-ko lehendakari eta lehendakari ordeek hurrenez hurren. Laster, azpiegitura martxan izango dela iragarri zuten, "kalitate goreneko konposta lortzeko". 9.000 tona organiko konpost bihurtzeko gaitasuna izango du Epeleko plantak. Debagoiena eta Debabarrenako biohondakina tratatuko du.

Epeleko gunearen aurkezpena, lau urteotako balantzea egiteko baliatu zuen GHK-k. Zenbakitan adierazi zutenez, "legealdi honetan gaika bildu den materia organikoa %600 hazi da, errefusaren sormena %30 jaitsi eta gaikako bilketak %15 egin du gora".

Epeleko eta Lapatxeko konpostatze plantak nahikoak ez direla eta, Sasieta eta Zubietarako diseinatuak zituzten azpiegituren beharra azpimarratu zuten. "Zubietako TMBak Gipuzkoan biltzen den hondakin guztiari irtenbide emateko diseinatua dago, azpiegitura horrek urtean 20.000 tn materia organiko konpost bilakatzeko prestatua baitago. Eta Sasietan urtean 10.000 tn tratatzeko beste konpostagune bat eraikitzeko lehen urratsak emanak daude”, Intxaurrandietaren esanetan.

Eskaera zuzena egin zieten GHK-ko egungo kudeatzaileek, laster erakundeko ardura hartuko dutenei: “GHK-ko agintari berriek azken urte hauetan emandako urratsei eustea, eta hondakinen kudeaketa iraunkor eta garbi baten aldeko apustua egitea”. Bide zuzena, birziklatzea eta konpostatzea dela gogorarazten dute.

Irudia: GHK.