Sarai, Iñaki, Nagore eta Alex, Kontxako sailkapen probako usurbildarrak

Noaua Aldizkaria 2015ko ira. 3a, 10:00

Heldu da arraun munduko proba preziatuenean parte hartu ahal izateko gainditu beharreko proba egun garrantzitsua. Ostegun honetan, arratsaldeko 17:30etatik aurrera, Kontxako Banderarako sailkatze proba Donostiako uretan.

Ontzi mordoa ikusiko ditugu, bai emakumezkoen zein gizonezkoen txapelketan. Hautagai asko, eta denentzako lekurik ez Kontxako Banderan. Gogor lehiatu beharko dute, datozen bi igandeotan, irailaren 6ko eta 13ko estropadetan parte hartzeko.

Arraunlari guztien artean adi, 4 usurbildar baititugu. Denak ere arraun talde ezberdinetan. Usurbilek aspaldi honetan izan duen ordezkaritza zabalena 4 izen propiok osatuko dute. Ostegun arratsalde honetan, Kontxan ikusiko ditugu arraunean:

Emakumezkoen estropadetan:

San Juan: Sarai Lizaso Mitxelena.

Getaria-Zarautz: Nagore Arruti Urkiola.

Gizonezkoen estropadetan:

Hondarribia: Alex Udabe Pagola.

Orio: Iñaki Errasti Ubera.

Aipatzekoa; usurbildarron taldeak sailkapeneko lehen postuetan direla. Gizonezkoen txapelketan, Hondarribia sailkapen buruan da eta Orio hirugarren. Emakumezkoetan Sarai Lizaso kide duen San Juan, lehen postuan da baita.

Bestalde, Kontxako Banderarako sailkatze proban parte hartzen ikusiko ez ditugun arren, beste bi herritar dabiltzala baita arraunean. Orio B taldean hain zuzen; Josu Ostolaza eta Iker Etxabe.

Kontxako Bandera, egutegia

Irailak 3, osteguna: sailkatze proba

17:30 Emakumezkoen sailkatze proba:

A multzoa

Parte hartuko duten taldeak: Cabo, Getaria-Zarautz, Hibaika, Orio, San Juan eta Zumaia.

B multzoa

Parte hartuko duten taldeak: Donostiarra, Chapela, Colindres, Hernani, Oiartzungo Itsaslapurrak A.K.

18:00 Gizonezkoen sailkatze proba:

A multzoa

Parte hartuko duten taldeak: Astillero, Bermeo-Urdaibai, Cabo, Getaria, Kaiku, NT2 Hondarribia, Orio, Portugalete, San Juan, Sanpedrotarra A.E., Tirán-Pereira, Zierbena Bahias de Bizkaia.

B multzoa

Parte hartuko duten taldeak: Amegrove, Castropol, Ares, Mugardos, Deusto-Bilbao, Hibaika A.E.,  Lekittarra, Oiartzungo Itsaslapurrak A.K., Ondarroa, S.D.R. Pedreña, Zarautz eta Zumaia.

Irailak 6 eta 13: jardunaldi egunak

11:00 Emakumezkoen estropadak.

12:00 Gizonezkoen estropadak.