"Hondakinen tratamendua errausketan oinarritu nahi badute, kalean aurre egingo diegu"

Noaua Aldizkaria 2015ko ira. 3a, 17:35

"Hondakinen tratamendua errausketan oinarritu nahi badute, Foru Aldundi eta udal berriek herritarrak aurrez aurre izango dituzte, kalean aurre egingo diegu, baina Europako Parlamentuko Erresoluzioaren izenburuak dioen moduan "ekonomia zirkular bateranzko bidean" aurrera egin nahi badute, jendearen aldetik laguntza izango dute eta Gipuzkoa eredugarri izango da baita eremu honetan ere".

Maiatzaren 24ko hauteskundeen ostean osatu diren Aldundi eta udal berriei zuzenduriko mezu argia, irailaren 13rako Donostiako Kontxan errausketaren aurkako giza-katea deitu duten eragileen aldetik. Besteak beste, Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundea, Eguzki, Ekologistak Martxan, Zero Zabor, Donostia Bizirik, Greenpeace, EH Bildu, Ezkerra, Ezker Anitza, Irabazi, Equo, Ganemos Andoain Irabazi, Podemos, ESK, CCOO, LAB, ELA, CNT, CGT, STEE-EILAS, Gazte Abertzaleak batu ditu Kontxako estropaden bigarren jardunaldi egunez egingo den mobilizazioak.

Eragile guztiotako ordezkaritza talde batek iragarri du goizean Kontxan egin duten agerraldi baten bidez, iraileko bigarren igandean, goizeko 11:00etatik 13:00etara aipatu hondartzan ospatuko den errausketaren aurkako giza-katea. "Pertsona, jendarte, ingurugiro osasuntsua gauzatzearen alde baldin bazaude, Donostiako estropadetako bigarren igandean Kontxan daukazu zure lekua", luzatu dute gonbita.

"Ezin dira onartu atzera pausoak"

Irailaren 13ko errausketaren aurkako giza-katea egiten dela badira urte batzuk. Aurten berriz deitu dute, deitzaileek goizean egindako agerraldian gogorarazten zutenez, "azken hauteskundeen ondoren kargua hartu duten PNV-PSEko agintariak behin eta berriz erraustegi-proiektuaren berpiztea iragartzen ari dira" eta. Ziotenez, "egoera honetan argi geratu behar du ezin direla onartu atzerapausuak, ez administrazioaren aldetik, ezta herritarren aldetik ere. Azken urteetako bidean aurrera egin behar dugu, gaikako bilketa tasak hobetzen jarraitu eta zabortegira doan erreus kopurua gutxitu. Guztion lana da eta guztioi exijitu behar zaigu geure ardura".

Azken urteotan hondakinen kudeaketan eman diren aurrerapausoak nabarmendu dituzte:

-Gaikako bilketa %30etik %50era igo da.

-Zabortegira doan hondakin kopurua, 225.600 tonatik 172.100 tonara murriztu da.

-Gipuzkoako 60 udalerrietan hondakinen erdia baino gehiago gaika bildu da.

Europan, beste norabide batean

Emaitzok eskutan, ulertezina iruditzen zaie giza-katea deitu duten eragileei, iaz 172.000 tona hondakin sortu diren herrialdean nolatan eraiki nahi den 260.000 tona hondakin erraustuko dituen azpiegitura. Errentagarria izan dadin, "kanpotik zaborra ekarri nahi dute" ohartarazi dute.

Bestalde, Gipuzkoan erraustegia defendatzen duten eragileek, aurka daudenekin batera uztailaren 9an Europan aldeko bozkekin babestu zuten ebazpen bat ekarri dute gogora. "2020an errausketa birziklaezinak eta biodegradagarri ez diren hondakinetara mugatu behar dela", "produktuen bizi-iraupena luzatu, hauen berrerabilpena eta birziklapena bermatuko duen politika garatzea" edota "ekidin behar dela baztertutako hondakinak (zabortegira eramandakoak eta erraustuak) birziklatu bezala hartzea" dioena hain zuzen.

Hemen duzue plazaratu duten adierazpena, bere osotasunean:

"Berriro errausketaren aurka"