Gernika ibilbidea 13ko alokairuko etxebizitzen zozketa, 12:00etan udalbatza aretoan

Noaua Aldizkaria 2015ko ira. 4a, 08:49

Usurbilgo Udalak Agerialde parean, Gernika ibilbidea 13ko eraikinean jabetzan dituen bizilekuak alokairuan esleitzeko prozesua azken txanpan da jada. Onartu eta bazterturiko eskaeren behin betiko zerrendak onartu ostean, gaurko iragarri du zozketa Udalak. "Maixu etxe" izenez ezaguna dugun eraikineko alokairuko etxebizitzen zozketa, ostiral honetan, irailaren 4an egingo da, eguerdiko 12:00etan Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoan.

Honela iragarri du Udalak, usurbil.net atari bidez.

"Ordezko Alkateak, 2015eko abuztuaren 24ean, 2015/0758 dekretuaren bidez, Gernika ibilbidea 13 etxeko udal jabetzako etxebizitzak alokairuan esleitzeko zozketan partehartzeko onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onartu ditu.

Zozketa 2015eko irailaren 4ean egingo da, eguerdiko 12:00tan Udaletxeko Areto Nagusian, ekitaldi publikoan".

Esleipena, pausoz pauso

-Ekainak 11-30: interesdunek eskaerak aurkezteko aukera izan zuten.

-Uztailaren 21etik abuztuaren 3ra: onartu eta bazterturiko eskaeren behin behineko zerrendak erakusketa publikoan jarri ziren. Erreklamazioak aurkezteko aukera egon zen.

-Abuztuak 24: onartu eta bazterturiko eskaeren behin betiko zerrendak onartu eta zozketarako data finkatu zen.

-Irailak 4: 12:00etan zozketa, Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoan.

Etxebizitzak

Etxebizitzak 3 logelakoak dira eta 80 m2-ko azalera dute.

Kupoak eta erreserbak

Etxebizitzak zozketa bidez esleituko dira. Ondoko kupo eta erreserbak egin dira: lau kide baino gehiagoz osatutako bizikidetza unitateak, etxebizitza bat; babes bereziko gizarte sektoreak (genero-indarkeriaren biktimak, bananduak, dibortziatuak eta alargunak, gerora sortutako ordaintzeko ezinagatik ohiko etxebizitzaren jabetza galdu dutenak, adimen eta garapen-desgaitasuna duten pertsonak), 2 etxebizitza; babeseko beste gizarte-sektoreak (30 urtetik beherako gazteak, beren kargura adin txikikoak dituzten guraso bakarreko bizikidetza-unitateak), 2 etxebizitza; eta azkenik, kupo orokorra, etxebizitza bat.

Kontratuak urtebetekoak, urtez urte luzagarri

Errenta kontratuak urtebetekoak izango dira, eta urtez urte luzatu ahal izango dira gehienez bost urtera arte. Kontratuaren epemuga iristen denean, maizterrek Udalaren esku utzi beharko dute etxebizitza.

Errenta

Ordaindu beharreko errenta kuota, eskatzaile bakoitzaren diru-sarreren menpe egongo da, eta urtero berraztertuko da.

Oinarrien berri, usurbil.eus atarian eta ekainaren 10eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.