Gernika ibilbidea 13ko 6 pisu zozketatu ditu Udalak

Noaua Aldizkaria 2015ko ira. 4a, 13:34

Bizilagun berriak izango dituzte laster, Gernika ibilbidea 13an Usurbilgo Udalak jabetzan dituen alokairu sozialeko 6 etxebizitzek. Eguerdian egin da iragarria zegoen zozketa, udalbatza aretoan. Egun pisuotan bizi izan eta zozketan pisua egokitu ez zaienek irailaren 15era arteko epea dute, etxebizitza uzteko. Gero tarte bat igaroko da, tramitazio eta behar izanez gero, etxeon konponketa lanekin, bizilagun berriak heldu baino lehen. Esleipen prozesuan zehar egin bezala, etxea egokitu zaien eskatzaileek ia baldintza guztiak betetzen dituzten gainbegiratuko du Udalak. Hala balitz, aipatu moduan, ostiral eguerdi honetako zozketan etxea egokitu zaienek datozen 5 urteotan Gernika ibilbidea 13an izango dute bizitoki berria.

Baldintzak betetzen ez dituen norbait egongo balitz, haren lekua itxarote zerrendan geratu den beste eskatzaile batek beteko luke.

"Behar adina etxerik ez"

Iaz alokairu sozialeko 12 etxebizitza zozketatu zituen Udalak. Ostiral eguerdi honetan beste 6 pisu. Baina ekitaldia hasi berritan Alaitz Aizpurua zinegotziak zioen moduan, "zoritxarrez ez dago behar adina etxe" dagoen eskaerarentzat. Eremu honetan konponbidea bilatu arte lanean segitzeko konpromisoa erakutsi du udal gobernu taldeak.

Esleipena, pausoz pauso

-Ekainak 11-30: interesdunek eskaerak aurkezteko aukera izan zuten.

-Uztailaren 21etik abuztuaren 3ra: onartu eta bazterturiko eskaeren behin behineko zerrendak erakusketa publikoan jarri ziren. Erreklamazioak aurkezteko aukera egon zen.

-Abuztuak 24: onartu eta bazterturiko eskaeren behin betiko zerrendak onartu eta zozketarako data finkatu zen.

-Irailak 4: pisuen zozketa, Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoan.

Etxebizitzak

Etxebizitzak 3 logelakoak dira eta 80 m2-ko azalera dute.

Kupoak eta erreserbak

Etxebizitzak zozketa bidez esleitu dira. Ondoko kupo eta erreserbak egin dira: lau kide baino gehiagoz osatutako bizikidetza unitateak, etxebizitza bat; babes bereziko gizarte sektoreak (genero-indarkeriaren biktimak, bananduak, dibortziatuak eta alargunak, gerora sortutako ordaintzeko ezinagatik ohiko etxebizitzaren jabetza galdu dutenak, adimen eta garapen-desgaitasuna duten pertsonak), 2 etxebizitza; babeseko beste gizarte-sektoreak (30 urtetik beherako gazteak, beren kargura adin txikikoak dituzten guraso bakarreko bizikidetza-unitateak), 2 etxebizitza; eta azkenik, kupo orokorra, etxebizitza bat.

Kontratuak urtebetekoak, urtez urte luzagarri

Errenta kontratuak urtebetekoak izango dira, eta urtez urte luzatu ahal izango dira gehienez bost urtera arte. Kontratuaren epemuga iristen denean, maizterrek Udalaren esku utzi beharko dute etxebizitza.

Errenta

Ordaindu beharreko errenta kuota, eskatzaile bakoitzaren diru-sarreren menpe egongo da, eta urtero berraztertuko da.

Oinarrien berri, usurbil.eus atarian eta ekainaren 10eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.