Arantzazu Ugarte, Masusta Kofradiako kide izendatuko dute ostiraleko gau-jaian

Noaua Aldizkaria 2015ko ira. 7a, 09:37

Iaz egin zuten afarian hautatu zuten Arantzazu Ugarte, Masusta Kofradiako kide berria. Ostiral honetan, irailaren 11n Txirristra tabernan ospatuko duten afarian izendatuko dute bilguneko kide berri gisa, eta 2016rako hautagaia nor den ere ezagutzera emango dute.

Guztia, masusta ukituko afari goxo eta kantu giro ederrean (ereserkia ere badute). Arantzazu Ugartek afarira bertaratzeko gonbita luzatu die herritarrei, NOAUA!ri eskaini dion elkarrizketan. "Animatu eta etorri, oso ondo pasatzen dugu", adierazi digu. Umorea eta masusta zalea izatea, afaritara joateko behar den guztia.

2007an sortu zuten Masusta Kofradia, galtzen ari den masustari gorazarre egin eta gure artean mantentzeko. Pixkanaka, ohiturari eutsi eta kofradiak 8 urte bete ditu. Ostiral honetan, 9. edizioa:

Masusta Kofradiaren Eguna

Eguna: irailak 11, ostirala.

Hitzordua: 20:30etan Patrin. Gero handik kalejiran, Txirristra tabernara afaritara.

Zehaztasunak: "2007. urtean eratu zen Masustaren Kofradia Txirristra Tabernan bost lagunekin. Geroztik, urtez urte ospatzen da irailean Krofradiaren Eguna. Dena jai eta kantu giroan ospatzen da. Ekintza erabat irekia da etorri nahi duen herritarrarentzat".

Egitaraua:

-Afari irekia Txirristra tabernan (aldez aurretik izena eman).

-Kofradegaiaren aurkezpena.

-Jantzi banaketa eta janztea.

-Masustaren propietateen irakurketa.

-Kofrade berriaren zin egitea.

-Hurrengo urterako kofradegaiaren izendapena.

-Masustaren ereserkia.

Elkarrizketa antolatzaileei

MASUSTAREN ERESERKIA

Larraren fruitu da bera

garaian zein ugaria!

ale txikiena ere

elikagaiz da haundia.

Horregatik, guk, zaleok,

izan dugu ausardia

Usurbilen eratzeko

masustaren kofradia.

Masusta heldu denean

beltza da bainan garbia

elikatzeaz gainera

arazten duen jakia.

Horregatik, guk, zaleok,

izan dugu ausardia

Usurbilen eratzeko

masustaren kofradia.

Erromatarrek zioten

oso estimu handia

guk ere gora dezagun

merezi duen guztia.

Horregatik, guk, zaleok,

izan dugu ausardia

Usurbilen eratzeko

masustaren kofradia.