300 laguntzaile behar dira, #Kilometroak15 egunerako

Noaua Aldizkaria 2015ko ira. 8a, 13:40

“Jada iristear gattunk... Oraindik 300 laguntzaile falta zaizkigu. Animatu urriaren 4ean laguntzera”. Antolatzaileak sare sozialen bidez zabaltzen ari diren gonbita duzue. Lan batzordeetan apuntatu ez bazarete oraindik, honatx izen emateko dituzuen bideak: 943 36 12 16 (Udarregi Ikastolako idazkaritza) edota kilometroak2015@ikastola.eus

Bereziki, trafikoa eta zirkuitu batzordeetan behar omen dute laguntza handiena. Eta komeni herrikoa izatea, lan taldeotan parte hartzeko. Etxekoek baino hobeto ez baitu inork ezagutzen udalerria. Bi esteka hauetan duzue lan batzordeon berri;

Trafiko batzordea

Zirkuitu batzordea

Klikmetroak-ekin, ibilbidean aurrerantz

"744 babeslek babesturiko 3.089 metro baditugu jada", Klikmetroak egitasmoaren sustatzaileek berri eman dutenez. Herritarren 339 atxikimendu bildu ditu jada Klikmetroak-ek, baina metro gehiago egitera animatzen gaituzte. “Egin zure metroa!”, euren gonbita. Sartu klikmetroak.kilometroak.eus atarian eta urriaren 4ko jaialdiko ibilbide birtuala osatzen lagundu.

Gattunk DVD-a

#Kilometroak15 ekimeneko aurkezpen ikuskizuna, #Gattunk bideoklipa eta Udarregi ikastolaren inguruko dokumentala bateratzen dituen DVD eskuragarri duzue Gattunk Dendan, Lizardin eta Laurok-en, 5 eurotan.

Apaindu balkoiak, Gattunk banderolekin

Azken txanpan gattunk. Badator urriaren 4a, eta #Kilometroak15 eguna ate joka dugula ikusgarri egiteko, zer hobeto etxeetako balkoiak apaintzea baino. Gattunk banderolak salgai dituzue izen bereko dendan. Gattunk denda zabalik jada, ohiko ordutegian:

Astelehenetik larunbatera: 10:30-13:00 / 18:00-20:00 (astelehen goizetan, larunbat arratsaldeetan eta igandeetan itxita).

Larunbaterako "entrenatzen"

Urriaren 4a heldu aurretik, bada aldez aurreko hitzordurik. Gertuen duguna, larunbat honetako Usurbil Herri Anitza jaialdia. Bertan, besteak beste, "Txamunto" eta "Lotzen GaTTunk" abestiak kantatzeko ekimen erraldoia antolatu da Mikel Laboa plazan. Milatik gora lagun bildu nahi dira, herri osoa, #Kilometroak15en alde abesteko. Azken entseguak egunotan egingo dira. Ondoko irudietan, atzo helduek eginiko prestaketa saioa. Gogotsu eta primeran abesten eta dantzan!

Adi datozen entseguen egutegiari:

Irailak 10, osteguna

18:30 Entsegu saio orokorra: ikasle ohiak eta parte hartuko dugun guztiok Agerialdeko frontoian.

Irailak 11, ostirala

18:30 Entsegu saio orokorra Mikel Laboa plazan.

Irailak 12, larunbata

Mikel Laboa plazan:

10:30 Soinu froga.

12:30 Txamunto eta Gattunk! abestera.

Antolatzaileak: Jaione Eskudero Udarregi Ikastolako musika irakaslea eta #Kilometroak15-eko ikuskizun batzordea.