Usurbildarrak, Iruña-Veleiako aztarnategian bisitan

Noaua Aldizkaria 2015ko ira. 8a, 10:52

20 lagun izan ziren aurreko igandean, Nafartarrak Kultur Taldeak Iruña-Veleiako aztarnategira antolaturiko bisitan. Juan Martin Elexpuru izan zuten gidari lanetan. Honatx, Iñaki Agirresarobek bidalitako kronika eta irudiak. Gogoan izan, irailaren 20rako bigarren mendi irteera antolatu dutela, Orreagako gudak izan ziren inguruetara.

Iruña Veleiako indusketak ikusten eta aztertzen

Joan den igandean Nafartarrak Kultur taldeak antolaturik, irteera bat egin zen Arabako Iruña Veleiako aztarna arkeologikoak ikustera. Juan Martin Elexpururen jakintza baliaturik, bertako nondik norakoak esplikatu eta argitu zizkien bertaratutako 20 laguni. Orain dela urte batzuk azaldu ziren grafitoei buruzko argibideak ederki asko azaldu zituen eta zera esan zuen: “Bertan azaldu ziren euskal idatziak orain dela 1800 urtekoak izanik euskal idatziak azaldu ziren latinezko esaldiekin batera. Euskal historiaren altxor eskuragarria izan beharrean hondeamakinek birrindu egin dituzte interes ilun batzuk direla medio. Geure historia ezabatzen ari dira”

Hitz hauen aurrean hausnarketa egiteko parada eman zien bertaratutakoei eta kultur mailan zertxobait jantziagoak itzuli ziren ustearekin iritsi ziren herrira.

Irailak 20, igandea: mendi irteera gidatua Orreagako guduak izan ziren inguruetara.

Irteera: 08:30etan autobusez edo kotxez, udaletxe aurretik.

Izen ematea: 650 195 941 (Jexux).

Zehaztasunak: "VIII. mendetik IX. mendera bitartean, baskoiek etsai handiak izan zituzten inguruan: frankoak, musulmanak, asturrak... Orreagako guduak defentsa- eta iraupen-nahiaren erakusgarri garbiak dira. Baskoiek beren lurraldean zuten nagusitasuna frankoen -garaiko inperiorik handienaren- armadarekin izandako liskarretan ikus daiteke; borroka latz horien ondorioa izan zen -Chanson de Roland delakoa da horren lekuko- Iruñeko erreinu independentea aldarrikatzea. Karlomagno, Roland, Eneko Aritza, Banu Casi-tarrak... Orreaga da Nafarroako euskal independentzia ekarri zuten gertakari haien jokalekua".

Antolatzailea: Nafartarrak.