Bizitzeko eskubidearen aurkako 4 urraketa, "Euskal Kasuari" lotuta Jaurlaritzak Usurbili buruz kaleraturiko txostenean

Noaua Aldizkaria 2015ko ira. 9a, 14:24

Aurreko ostiralean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako EH Bildu, EAJ-PNV eta PSE-EE-ko 114 alkate eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako Lehendakaria memoria eta biktimei buruzko topaketa baten bueltan bildu ziren, Bilboko Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuan. Ekitaldian, "Euskal kasuan izandako bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen argazkiak, herriz herri" izeneko liburuxkak banatu zizkien Eusko Jaurlaritzak udaletako alkateei.

"Euskal kasuarekin loturik 1960tik 2010era bitartean terrorismoaren eta beste edozein motatako indarkeria politikoaren ondorioz izandako bizitzeko eskubidearen urraketak" biltzen ditu liburuxkak.  Ez guztiak, Etxeratek Bilboko ekitaldi egunean esaterako, sakabanaketak hildako 16 lagun aintzakotzat hartzeko eskatu baitzuen.

4 urraketen aipamena

Bizitzeko eskubidearen urraketak udalerriz udalerri liburuxketan bildu ditu Eusko Jaurlaritzak eta sarean ikusgai daude jada. Usurbilgoa tartean. "Bertan eraildako biktimak aipatzen dira, bai eta beste lekuren batean hil arren, udalerri horretan jaio edo bizitakoak ere", Jaurlaritzaren esanetan. 1960-2010 artean, bizitzeko eskubidearen aurka izandako 4 urraketa biltzen ditu udalerri honi dagokion liburuxkak. Hiru, ETAm eta Komando Autonomoek egindakoak eta bat, Batallón Vasco Españolek egina. Ondoko lotura honetan duzue, Eusko Jaurlaritzak plazaratu duen Usurbili dagokion liburuxka:

Bizitzeko eskubidearen aurkako urraketak, Usurbil

Informatzea helburu

Eusko Jaurlaritzatik aipatzen dutenez, "erretratu hauen helburu nagusi hauxe da: Euskadiko udalei beren herri-hiriei buruzko ahalik eta informazio gehiena ematea, horren bidez oroitzapenezko ekintzak eta biktimen aitortza sustatzen laguntzeko. Alde horretatik, lan-talde honek bat egiten du Euskadiko udalek horrenbestetan adierazitakoarekin, ondo ulertzen baitugu zer-nolako zailtasunak izan dituzten azken 50 urteotan indarkeriak eta terrorismoak beren herri-hirietan eragindako biktimei buruz behar beste informazio eskuratzeko (Memoriaren Mapa eta antzeko beste ekimen batzuk martxan jarri nahi izan direnean, esate baterako)".