Larunbateko kantaldi erraldoia prestatzeko, entsegu orokorra 18:30etan Agerialden

Noaua Aldizkaria 2015ko ira. 10a, 09:55

Larunbat honetako Usurbil Herri Anitza jaialdiaren baitan, "Txamunto" eta "Lotzen GaTTunk" abestiak kantatzeko ekimen erraldoia antolatu da Mikel Laboa plazan. Milatik gora lagun bildu nahi dira, herri osoa, #Kilometroak15en alde abesteko.

Azken entseguak egunotan egingo dira. Ondoko irudietan dituzue, astelehenean helduek eginiko prestaketa saioa. Gogotsu eta primeran abesten eta dantzan! Gainerakoei, entseguetara eta larunbateko hitzordura agertzeko gonbita luzatzen die Jaione Eskudero Udarregi Ikastolako musika irakasleak. Datorren prestaketa saioa, ostegun honetan, 18:30etan Agerialden. Ahots guztiak izango dira ongi etorriak.

Garrantzitsuena, parte hartzea

Zenbat lagun bildu dituzue?

Jaione Eskudero: Gure asmoa, 800etik gora izatea da. Milatik gora izatea espero dut. Ezustean agian 2.000 lagun bilduko gara.

Edozein herritar, ahots ongi etorria izango da.

Ahots denak dira onak. Gurasoren bat ikusten dut kalean eta esaten diet ia etorriko diren irailaren 12ko ekitaldira. Ahots txarra dutela esaten dute. Baina ahots denak dira onak. Ez goaz oso ondo abestera, parte hartzera baizik. Hori da garrantzitsuena. Gattunk, #Kilometroak15, ikastola, herria denok etxetik irten beharko genuke larunbatean, abestera.

#Kilometroak15 ekimeneko ardatzetako baten, inklusibitatearen adibide praktikoa ekimen hau.

Hala da. Denok balio dugu denerako eta denok elkarrekin ariko gara. Egunotako entseguetan beste kanta bat ere prestatuko dugu. “Lotzen GaTTunk” kantarekin batera, baita “Txamunto” ere.

Bi kantak abesteko denetariko ahotsen bila zabiltzate.

Edozein ahots. Abestiaren zati batean ahotsak taldeka banatu ditugu. Gizonezkoak, emakumezkoak, haurrak, HH-koak, DBH, LH, irakasle batzuk beste zati bat kantatuko dute… 10 bat zati ezberdin daude. Eta gero denok batera abesteko zatiak ere bai. Zoragarria izango da.

Koreografiak lotuko ditu abesti zatiak?

Abestearekin batera, koreografia izango dugu. Kanta taldeka abestuko dugunez, kantatzea egokitzen zaienei mikrofono aurrera gerturatu beharko dute eta gero atzera mugitu, atzean daudenei abesteko lekua uzteko. Denbora guztian mugimendua ikusiko da. Komeni da entseguetara etortzea.

Azken entsegu egunak dira hauek. Lehen saioak ordea ekainean egin ziren. Nola joan ziren?

Ikastolan prestatzen ari gara eta ikastolakoak jada ondo dakite. Jende asko gaude. Baina hortik kanpo, emakume dezente etorri ziren . Gizonezkoak ez. Usurbildar heldua ezagutzen ari naiz pixkanaka. Gizonezkoak nor joaten den eta zer giro dagoen, horren arabera parte hartuko dute edo ez. Baina etorri behar da bai edo bai, pentsatu gabe.

Larunbatekoa nola duzue antolatua?

Mikel Laboa plazan izango da. Teknikariek mikrofonoak goizean goiz jarriko dituzte. Kokatu ditugu tokiak. 10:30etarako soinu froga egiten egon behar dugu. Bakoitza bere lekuan jartzeko denbora beharko dugunez, lehenago etortzea komeni da.

Adi datozen entseguen egutegiari:

Irailak 10, osteguna

18:30 Entsegu saio orokorra: ikasle ohiak eta parte hartuko dugun guztiok Agerialdeko frontoian.

Irailak 11, ostirala

18:30 Entsegu saio orokorra Mikel Laboa plazan.

Irailak 12, larunbata

Mikel Laboa plazan:

10:30 Soinu froga.

12:30 Txamunto eta Gattunk! abestera.

Antolatzaileak: Jaione Eskudero Udarregi Ikastolako musika irakaslea eta #Kilometroak15-eko ikuskizun batzordea.

LOTZEN GATTUNK...

GaTTunk, GaTTunk,

lotzen gattun harira

GaTTunk, GaTTunk,

lotzen GaTTunk lotzen GaTTunk

Hariketan ari

Harik eta behar den artean ari

artean arin

GaTTunk, GaTTunk,

lotzen gattun harira

GaTTunk, GaTTunk,

lotzen GaTTunk lotzen GaTTunk

lokarri listari sokari hari

GaTTunk, GaTTunk,

lotzen gattun harira

GaTTunk, GaTTunk,

lotzen GaTTunk lotzen GaTTunk

Hari artean, hari tira hari hari

Hari artean, ahalari tiraka

Hari artean, hariari tiraka ari

Hari artean, hari ariketa

Hari artean, hari tira hari tira

Ahalari tiraka, hariketa hariketa

Hari GaTTunk

ari GaTTunk TTunk

Hari GaTTunk

baGaTTunk ari

Hari GaTTunk

ari GaTTunk

BaGaTTunk hari

hari GaTTunk GaTTunk

Lotu josi heldu

Bai baGaTTunk

ba ote goaz

goaztean

Zitxatoztilakoan, genitxatoztinan, gatoztin

Bai baGaTTunk

Zitxatoztilakoan, genitxatoztinan,

goaztean

Hariketan ari

Harik eta behar den artean ari

artean arin