Adostasuna nagusi, gaurko ezohiko osoko bilkuran

Noaua Aldizkaria 2015ko ira. 10a, 22:02

Presazko obra bat bideratzeko onartu beharreko kreditu aldaketa batek eragin du, ostegun honetarako ezohiko osoko bilkura deitzea. Hala argitu du gaur arratsaldean ospatu den saioaren hasieran, Xabier Arregi alkateak. Kreditu aldaketa hau, hirigintzako egitasmo bati dagokio. Tren geltokitik Atxega Jauregira doan pasealekua konpontzera bideratu nahi da. Kreditu aldaketa aho batez onartu du udalbatzak.

Udal taldeen erabateko babesa baita, datozen bost ikasturteetarako, Oinarrizko Lanbide Heziketa eskaintzeko eskumena Udalari eskuordetzeko Eusko Jaurlaritzaren akordio proposamenari. Gogoan izan, egun Atallun kokaturiko prestakuntza zentroan sukaldaritza eta ile-apainketa ikasketak egiteko aukera dagoela. Guztira 60 bat ikasle daude. Udalak Oinarrizko Lanbide Heziketa eskaintzeko eskumena bereganatzearekin batera, Jaurlaritzarekin adosturiko akordioan hainbat diru-laguntza jasoko ditu gastu gehienak ehuneko ehunean finantzatzeko.

Diru kontuekin jarraituz, ekaina amaieran ospatu zen legegintzaldi hasierako lehen osoko bilkuran zehazteke geratu ziren udal talde politikoen eta zinegotzien ordainsariak finkatu dituzte gaurko ezohiko osoko bilkuran. Zinegotzi bakoitzak urteko 1.320 euro jasoko ditu, udal talde bakoitzak urteko 4.800 euro eta liberatuak ez dauden zinegotziek, buruko eta osoko bilkura, Batzorde Informatzaile eta Tokiko Gobernu Batzarreko 50 euro.

Amaitzeko, errefuxiatuen inguruko adierazpen instituzionala ere aho batez onartu du udalbatzak. EHBilduk osoko bilkurara eramandako testuak, EAJ-PNVk eta PSE-EEk eginiko ekarpenak jaso ditu. Alkateak nabarmendu duenez, ez dute adierazpenak konpromiso hutsean geratzerik nahi. Udalak ahalmen mugatua duela jakin arren, gai hau nola bideratu aztertzekotan geratu dira.

Segidan, ostegun honetako ezohiko osoko bilkuran jorraturiko gaietan, udal taldeen bozketen emaitzak. Eta onartu den adierazpen instituzionala bere osotasunean:

Bozketaren emaitzak

1-Oinarrizko Lanbide Heziketa eskaintzeko eskumena eskuordetzeko Eusko Jaurlaritzaren akordio proposamena onartzea.

Bozketaren emaitza: aho batez onartua.

2-5.kreditu aldaketa behin betikoz onartzea.

Bozketaren emaitza: aho batez onartua.

3-Udal talde politikoen eta zinegotzien ordainsariak finkatzea.

Bozketaren emaitza: gehiengo osoz onartua. PSE aurka. EHBildu eta EAJ-PNV alde.

4-Adierazpen instituzionala: Siria eta beste herrialde batzuetako errefuxiatuak.

Bozketaren emaitza: aho batez onartua.