Masusta zaleen egun handia gaur, Kofradiakoen afaria Txirristran

Noaua Aldizkaria 2015ko ira. 11a, 11:02

Irailak 11 ditu gaur, eta Usurbilen, Masusta Kofradiaren Eguna dugu. Ospakizunak prest dituzte antolatzaileek. Lehenik, 20:30ak aldera bilduko dira Patrin, eta gero, kapa eta lepokoekin kalejiran Txirristra tabernarantz abiatuko dira, masustaz hornituriko afaria dastatzeko. Jan edan eta kantu giroan emango dute gaua. Besteak beste, kofradiako ereserkia abestu eta bilguneko kide berri bat ere izendatuko dute; irudian duzuen Arantzazu Ugarte herritarra. Eta berarekin iaz egin bezala, 2016an izendatuko duten kofradia kide berriaren izen abizenak emango dituzte ezagutzera ostiral honetan. Guztia jai giroan noski, eta une oro, masustari gorazarre eginez.

Bilguneko kide berri izendatuko duten Arantzazu Ugartek afarira bertaratzeko gonbita luzatzen die herritarrei, NOAUA!ri eskaini dion elkarrizketan. "Animatu eta etorri, oso ondo pasatzen dugu", adierazi digu. Umorea eta masusta zalea izatea dira, afaritara joateko bete beharreko baldintza bakarrak.

2007an sortu zuten Masusta Kofradia, galtzen ari den masustari gorazarre egin eta gure artean bizirik mantendu dadin eskatzeko. Pixkanaka, ohiturari eutsi eta kofradia handituz joan da. 8 urte bete ditu jada. 9. edizioa ospatuko dute gaur:

Masusta Kofradiaren Eguna

Eguna: irailak 11, ostirala.

Hitzordua: 20:30etan Patrin. Gero handik kalejiran, Txirristra tabernara afaritara.

Zehaztasunak: "2007. urtean eratu zen Masustaren Kofradia Txirristra Tabernan bost lagunekin. Geroztik, urtez urte ospatzen da irailean Krofradiaren Eguna. Dena jai eta kantu giroan ospatzen da. Ekintza erabat irekia da etorri nahi duen herritarrarentzat".

Egitaraua:

-Afari irekia Txirristra tabernan (aldez aurretik izena eman).

-Kofradegaiaren aurkezpena.

-Jantzi banaketa eta janztea.

-Masustaren propietateen irakurketa.

-Kofrade berriaren zin egitea.

-Hurrengo urterako kofradegaiaren izendapena.

-Masustaren ereserkia.

Elkarrizketa antolatzaileei

MASUSTAREN ERESERKIA

Larraren fruitu da bera

garaian zein ugaria!

ale txikiena ere

elikagaiz da haundia.

Horregatik, guk, zaleok,

izan dugu ausardia

Usurbilen eratzeko

masustaren kofradia.

Masusta heldu denean

beltza da bainan garbia

elikatzeaz gainera

arazten duen jakia.

Horregatik, guk, zaleok,

izan dugu ausardia

Usurbilen eratzeko

masustaren kofradia.

Erromatarrek zioten

oso estimu handia

guk ere gora dezagun

merezi duen guztia.

Horregatik, guk, zaleok,

izan dugu ausardia

Usurbilen eratzeko

masustaren kofradia.