Usurbilpedia aurkeztu dute, udalerriak sarean duen txoko berria

Noaua Aldizkaria 2015ko ira. 12a, 11:40

Usurbilgo kultura eta ondarea lau haizeetara zabalduko duen proiektu berria aurkeztu du Elhuyar Fundazioak, Herri Anitza! jaialdiaren baitan; Usurbilpedia. "2015eko Kilometroak Usurbilen izango dela baliatuz, Usurbileko eragile eta wikilari zenbaiten eskutik abiarazitako ekimena da, Usurbileko ondarea, kultura eta ezagutzea zabaltzea xede dituena", proiektuaren sustatzaileen esanetan. Usurbilpedia, udalerriari loturiko edukiak guztion eskuragarri jartzeko sortua da, herritarrek egin nahi dituzten ekarpenekin osatzen eta aberasten joan nahi duena.

Hastapenetan da egitasmoa. Kilometroak 2015ari loturiko artikulu bat sortu dute euskaraz. Baina auzolana, euskararen garapena eta aniztasuna balioan jarri nahi izan dute eta, Usurbilgo beste ama hizkuntza bat duten herritarrek beste 10 hizkuntzetara itzuli eta sarean zabaldu dute urriaren 4ko jaialdiari buruzko artikulua. Esaterako, txineraz edota arabieraz aurki dezakegu aipatu informazioa. Bi hizkuntza hauetan hitz egin eta hizkuntzok hitz egiten diren herrialdeetan sortuak diren bi usurbildarrek artikulua bere osotasunean irakurri digute. Albiste honi atxikitako bideoan duzue aurkezpen ekitaldiak eman duena. Baita txineraz eta arabieraz artikuluak irakurri dituzten herritarren esker hitzak ere:

Usurbilpedia sarean, helbide honetan aurkituko duzue:

https://eu.wikipedia.org/wiki/Wikiproiektu:Usurbilpedia