Abisu horia haizeagatik, alerta laranja mendi inguruetan

Noaua Aldizkaria 2015ko ira. 15a, 09:59

Haize bolada gogorrak espero direlakoan, abisu horian egongo gara astearte arratsaldeko 15:00etatik asteazken arratsaldeko 18:00ak arte. 80-100 kilometro ordu arteko boladak izan ditzakegu hurrengo 24 orduetan. Alerta laranja egongo da indarrean bestalde, mendi inguruetan. Haize boladek 100-120 kilometro orduko abiadura gainditu dezakete inguruotan, astearte gaueko 21:00etatik asteazken goizeko 10:00ak arte. Euskalmet-en iragarpena:

Irailak 15, asteartea

"Gaur hego-mendebaldeko haizea indartu egingo da nabarmen. Goizak aurrera joan ahala gero eta zakarrago joko du eta arratsalde-gauean haizeguneetan haize-bolada oso gogorrak emango dira. Hegoaldeko haizearen eraginez, tenperatura maximoek gora egingo dute nabarmen ipar partean. Zeruan, erdi mailako hodei eta goi-hodei ugari egongo da goizean, baina eguerditik aurrera zerua estalita geratuko da eta euria egingo du arratsaldean eta gauean".

Irailak 16, asteazkena

"Bihar hego-mendebaldeko haizeak zakar joko du. Haize-bolada oso gogorrak izango dira haizeguneetan. Tenperaturak gora egiten jarraituko du eta maximoak kostaldean 27 ºC-ren bueltan ibiliko dira eta 23-25 ºC bitartekoak izango dira barnealdean. Zeruan, hodei asko egongo da goizean eta euria egingo du, goizaldean eta goizean goiz bereziki. Arratsaldean han-hemenka baino ez du euria egingo eta ostarteak zabalduko dira".

Irailak 17, osteguna

"Ostegunean giro goibela eta tenperatura freskoagoa espero dugu. Zerua hodeitsu egongo da eta euria egingo du. Hego-mendebaldeko haizeak zakar joko du goizean, baina arratsaldean baretu eta iparraldera aldatuko da. Tenperatura asko jaitsiko da eta toki askotan beroenak 20 ºC ingurukoak izango dira".

Informazio eguneratua: euskalmet.net