Asier Azpiroz lehiakide, igandean abiatuko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan

Noaua Aldizkaria 2015ko ira. 15a, 13:09

Udazken beroa dator bertsozaleentzat. 43 bertsolari lehiatuko dira igande honetatik aurrera, Beasainen abiatuko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan. Parte hartzaileen artean zubietar bat dugu; Asier Azpiroz.

Hiru hilabeteotan 15 bertso saio ospatuko dira Gipuzkoako txoko ezberdinetan. Usurbildik gertuen, final zortzirenei loturiko hitzorduetako bat Lasarten, irailaren 27an 17:30etan. Zortzi bertsolari onenak, abenduaren 20an Donostiako Illunben ospatuko den final handirako sailkatuko dira. Saio guztiotan hainbat epaile eta gai jartzaile gogotik ariko dira lanean. Tartean Inaxio Usarralde herritarra.

Hastear den txapelketako saioetarako sarrerak salgai daude jada, bertsosarrerak.eus atarian. Antolatzaileek ohartarazi dutenez, “ohi bezala, Bertsozale Elkarteko bazkideek prezio berezia izango dute sarreretan. Halaber, finala izan ezik, saio guztietarako balio duen bonua ere salgai dago internetez”. Informazio gehiagorako: bertsozale.eus