Abiatu berri den lau urteko legealdi hau amaitzerako, 2019. urterako alegia, Zubietako erraustegia eraikita eta martxan izango da jada. Markel Olano Ahaldun Nagusiak hilabeteotan iragarritakoa berretsi du ostegun goiz honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatu Jose Ignacio Asensiok, Batzar Nagusietan egin duen agerraldian.
“Joan den maiatzeko hauteskundeetan, Gipuzkoako herritarrek argi azaldu zuten hondakinak kudeatzeko ebazpenaren alde zeudela, eta guk bete egingo dugu botoak eta gobernatzeko erantzukizuna jaso genituenean hartu genuen konpromisoa", adierazi du diputatuak.
Zero Zaborretik, "zero zabortegira"
Hitzez hitz, "zabor birziklatu ezinak eta biodegradagarriak ez direnak soilik" bideratu nahi ditu Diputazioak lau urte barru martxan izatea aurreikusten duten erraustegira. Birziklagarria den hondakin guztiei begira, zera adierazi du, "Ingurumeneko Departamentuak Europako direktibetan ezarritako hondakinen hierarkia beteko du, hau da, prebentzioa, berrerabilera, birziklatzea eta balorazio energetikoa".
Herritarrek hondakinak gaika biltzeko eginiko ahalegin handia aitortu du, baina bere esanetan tratamendurako azpiegiturak falta dira. "Ez dago benetako irteerarik eta emandako konponbide bakarra zabortegietan lagatzea da, justu baztertu beharrekoa”, adierazi du Asensiok. Zabortegirik gabeko lurraldea nahi du Aldundi berriak, ingurumen diputatuaren hitzetan, helburua "zero zabortegi" izatea da Gipuzkoan.
Hondakinen plana "eguneratuko" dute
Zabortegirik ez, eta erreusa tratatzeko azpiegiturak bultzatu beharrak daudela gaineratu du. Erraustegia planteatzen dute, oso larritzat jotzen duten egungo egoera konpontzeko. "Azken lau urteetan Urteta eta Sasietako zabortegiak itxi dira; zabortegi bakar bat dago martxan (Lapatx), eta hori laster beteko da; kontratua bertan behera utzi da milioi askoko kalte-ordainarekin; Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorraren finantzaketari lotutako estaldura-kontratuek lurraldea zigortzen dute; mota guztietako auziak daude epaitegietan; oraingoz galdu egin da inbertsioen Europako bankuaren finantzaketa; hondakinak hartzeko eta tratatzeko gai diren azpiegiturak falta dira; ez dago aukerarik beste hondakin baliagarri batzuk eskuratzeko, konposta kenduta; ez da merkatu berririk sortu birziklatutako produktuetarako...", adierazi du Asensiok.
Erraustegiko lanak geldiarazi izanak, orain arte 45 milioi euroko galera eragin duela gaineratu du eta honakoa iragarri: "Egungo egoera larria konpontzeko, bukatzear dagoen aurreikuspenaren emaitzak erabiliko dira. Aurreikuspenak benetako zenbatekoak eta hondakinen fluxuak adieraziko ditu, eta zehaztuko ditu aurreikusitako Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa Zentroaren garrantzi operatiboa eta funtzionala, konpostatze planta berrien beharrak edo hasieran Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorrean aurreikusitakoen berrazterketa, eta baita ere balio handiko material birziklatuak sustatzeko azpiegituren eta baliagarriak ez diren azken zatikien kudeaketa edo balorazio energetikoaren arteko sinergia”.
Aipatu datuotan oinarrituta, "Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorraren aurrerapen dokumentua eta Gipuzkoako Hiri Hondakinen Azpiegituren Lurralde Arloko Plana eguneratuko dira. Halaber, Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorra kudeatzeko ardura duen sozietatearen organoak (GHK) berritu ondoren, sozietatearen kontu-ikuskapena enkargatu da, kudeaketa ereduaren faltak orain arte eragin dituen kostu ekonomikoa eta ingurumen kostua zehaztasunez ezagutzeko.
Bestalde, departamentuak ahaleginak egingo ditu ondoko lurraldeetako erakundeekin harremanetan jartzeko, azpiegitura berriak garatzen diren bitartean aldi baterako konponbideak aurkitze aldera".
Hondakinen kudeaketaren eremuan, honako aurreikuspenak ditu Aldundiak etorkizunerako. "2030. urtean hiriko hondakin solidoen tasa % 70ekoa izango da eta ontzien birziklatze tasak ez du % 80a gaindituko, bitarteko helburuak izanik % 60a 2020. urterako eta % 70a 2025. urterako; beraz, kalitate handiko bigarren mailako lehengai birziklatuen benetako merkatua sustatu nahi da, zabor birziklatu ezinak eta biodegradagarriak ez direnak soilik bideratuz erraustegietara 2020. urtean; eta, azkenik, derrigorrez eta progresiboki murriztu nahi da hondakinen isurketa, hiru etapetan eginez (2020, 2025 eta 2030), zabortegietara botatzeko erabateko debekua ezarri arte. Helburua da “zero zabortegi”.