R. Sociedad-Oiartzun futbol neurketa eta "Jendartean bidaide" antzezlana, #Kilometroak15-en alde asteburuan

Noaua Aldizkaria 2015ko ira. 18a, 11:03

Bi aste baino ez, urriaren 4rako. Irailaren 12ko kantaldi erraldoiaren ostean giroa berotzen doa #Kilometroak15 egunerako. Aurretik ordea baditugu ekimen gehiago ere. Bi hitzordu asteburu honetan; "Jendartean bidaide" antzezlan inklusiboaren estreinaldia ostiral honetan 19:30etan Sutegin. Eta larunbat eguerdiko 12:00etan Haranen, Real Sociedad-Oiartzun emakumezkoen lehen mailako lagun arteko futbol partida ikusgarria.

Irailak 18, ostirala: "Jendartean Bidaide" 

Ordua: 19:30.

Tokia: Sutegiko auditorioa.

Zehaztasunak: "Nolako jendartean bizi gara? Zertan datza inklusio parte-hartzailea? Antzerki talde honen esperientziak erantzunetara eraman zaitzake. Hamaika lagunek talde artistikoa osatu dute eta zailtasun nabarmen batekin aurkituko dira: denbora epe laburrean prestatu beharko dute jendaurreko emanaldia. Antzezle bakoitza bere iaiotasunetik ariko da eta taldekideen arteko hartu emana eta elkar ulermena funtsezkoa izango da ikuskizuna garatu ahal izateko, lortuko al dute?

Obraren deskribapena: Antzerkia eta zuzeneko musika uztartzen dituen proposamen artistiko-inklusiboa. “Antzerkia antzerkiaren barruan”. Antzezle talde anitza aurkituko dugu “Egunero gattunk artistak!” obra prestatzen eta prozesu hori nola bizitzen duten partekatuko dute. “Jendartean bidaide” ikuskizuna testuinguru jakin batean inklusibitatea erakusten duen esperientzia bat da, urrats bat, eta zertan datzan jabetzeko adibidea. Obraren azken zatian, inklusioari buruzko solasaldia gidatuko du Jurgi Olasagastik.

Talde artistikoa: Ana Elordi, Anabel Arraiza, Bouchra Bagdadi, Enrike Amilibia, Eugeni Alzibar, Satxa Soriazu, Telmo Irureta, Xanti Agirrezabala.

Zeinu hizkuntzan zuzeneko itzulpena: Jugatx Agirre.

Eta lagun gehiago: Ana, Esteban, Irati, Miren.

Zuzeneko musika: Satxa Soriazu.

Solasaldia gidatzen: Jurgi Olasagasti.

Gidoia eta zuzendaritza: Alex Tello.

Iraupena: 65 minutu.

Sarrera: 5 euro (salgai aurrez, Gattunk Dendan).

Antolatzaileak: Antzerki Ekintza eta EHAZE.

Laguntzaileak: ILGE Irrien Lagunak Gizartegintza Elkartea, #Kilometroak15, GKEF Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa, ATEA TEATRO, Ainhoa Moiua eta Idoia Sanchez, Usurbilgo Udala.

Real Sociedad-Oiartzun lagun arteko emakumezkoen futbol neurketa ikusgarria ospatuko da larunbat eguerdi honetan, 12:00etan Haranen. Ate joka dugun #Kilometroak15 ekimenaren aldeko kirol ikuskizun ederra iragarri digute antolatzaileek. Haranen. “Lehen mailako partiduaz gozatu ahal izango dugu beraz, punta puntako kirol eskaintza. Animatu punta puntako kirolaz gozatzera!”, antolatzaileen gonbita. Txartelak egunean bertan egongo dira salgai futbol zelai sarreran, 5 eurotan. 

Mallorcan irabazi ostean

Real Sociedadetik berri eman dutenez, "neurketa, Real Sociedad Fundazioaren eta Kilometroak Kultur Elkartearen arteko akordioaren barruan dagoena, Kilometroak 2015-en alde jokatuko da, ikastola gipuzkoarren festa, urte honetan Usurbilen ospatuko dena urriaren 4ean. Pasa den asteburuan Mallorcan lortu zuten garaipen handiaren ostean, txuri-urdinek haien prestakuntzarekin jarraitzen dute bi asteburu barru Zubietan RCD Espanyolen aurka jokatuko duten ligako partidari begira".

Oiartzuarrekin batera, dena ematera etorriko dira larunbat eguerdian. Galdu ezin dugun hitzordua beraz.