2014. urtean zehar euskal presoek Euskal Herriko espetxeetara gerturatzeko eginiko eskaerek Espainiako Espetxe Zaintzaren ezetza jaso zuten. Horren aurrean, presoek helegiteak aurkeztu zituzten. Lehen helegiteak, 12 guztira, aztertzen hasiko dira ostiral honetan, irailaren 25ean Espainiako Auzitegi Nazionalean. Tartean da, Xabier Aranburu "Xomorro" preso aginagarraren helegitea ere, Iñaki Cañas, Unai Fano, Karlos Trenor, Xabier Balerdi, Mikel Askasibar, Josu Arkauz, Garikoitz Arruarte, Juan Jose Zabaleta, Luis Galarza, Asier Garcia Uribarri eta Sergio Garciarenarekin batera.
Espainiako Auzitegi Nazionalak ostiralean egingo duen bilkuraren bezperan, ostegunerako mobilizazioak iragarri ditu Sortuk, "herriz herri, presoak Euskal Herriratzeko eta sakabanaketa amaitzeko". Usurbilgo Sortuk deialdiokin bat egin eta ostegun arratsaldean 19:30etan elkarretaratzea antolatu dute Mikel Laboa plazan. Herritarrei bertaratzeko gonbita luzatu diete.
"Bere familiatik gertuen izateko eskubideaz gain, gogoratu behar dugu Xomorrok gure artean beharko zukeela, aske, joan den martxotik, kondenaren likidazioan zigorren zenbaketa bikoitza deritzon dotrina ez baliote aplikatu. Gaur egun irteera data 2017ko martxoaren 11rako finkatua dauka".
Azken ostirala
Hainbat euskal presoren helegiteak ostiralean aztertuko ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak, hain zuzen, iraileko azken ostiralean. Eguna, hilero moduan, Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deitu ohi duen euskal preso, iheslari eta haien senideen eskubideen aldeko elkarretaratzearekin egokitu da. Mobilizazioa, beti bezala, iluntzeko 20:00etan hasita, Mikel Laboa plazan.