Greenpeace: "Penagarria da 2015ean, hondakinak kudeatzeko proposamen onena zaborra erraustea izatea"

Noaua Aldizkaria 2015ko ira. 22a, 12:50

"Penagarria da 2015. urtean hondakinak kudeatzeko agintariek duten proposamen onena, zaborra errauste plantara bidaltzea izatea, herritarren osasuna arriskuan jarriz" eta herritarren iritzia kontuan hartu gabe. "Ez da aintzakotzat hartu herritarren iritzia, ezta 2020. urterako zabortegiak eta errauste plantak kentzea eskatzen duen Europako Batzordearen txostena ere".

Salaketa Greenpeacek egin du oraingoan, Zubietako erraustegiari buruz argitaratu berri duen artikulu baten bidez. Talde ekologistari gainera, kontraesankorra iruditzen zaio, "errauste planta eraikitzea defendatzen duten alderdiek, 2020. urterako hondakinak errausteari uztea babestea Europan".

Atez ateko bilketa txalotzen dute

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2019. urterako erraustegia martxan nahi duela gogorarazten du Greenpeacek. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak 2013. urtean proiektua bertan behera uzteko hartutako erabakiaren ostean datorrela gaineratzen du. Proiektuak Eusko Jaurlaritzak eskatutako ingurumeneko araudia ez zuen betetzen, Greenpeace-tik gogorarazten dutenez.

Hala, proiektu hau bertan behera utzi eta Gipuzkoan hogeitik gora udalerrietan atez ateko bilketa sistema sustatu zela oroitzen du taldeak, emaitza ezin hobeekin gainera. "Euskadin garatu den hondakinen kudeaketari esker, birziklatze tasa handiena duen estatuko hirugarren erkidegoan kokatu da. Hondakinen %80 birziklatzera ere ailegatu dira atez atekoa duten udalerrietan".

Mobilizazioak datoz

Datuoi eta herritarren iritziari entzungor eginez, Aldundiak 2019rako erraustegia martxan izatea aurreikusi duela gogorarazten du Greenpeacek. Zenbakitan, 400 milioi euro baino gehiago xahutuko ditu Diputazioak erraustegia eraikitzen. Urtean 260.000 hondakin tona baino gehiago erreko dira talde ekologistaren esanetan, "horrek dakarren kutsadura eta osasunerako arriskuekin". Aldundiak erraustegia eraiki eta atez ateko bilketa kentzeko asmoa duela nabarmentzen dute gainera.

Egoera honen aurrean, errausketaren aurkako plataformek eta beste hainbat eragile sozial eta ekologistek mobilizazioak deituko dituztela diote.

Gipuzkoa, kontrako norabidean

Hala doa herrialde hau Greenpeace-en iritziz, beste hainbat lekutan hartzen ari diren erabakiekin alderatuta beti ere. Valentzian, aurreko PP-ren Gobernuak hiru erraustegi eraikitzeko asmoa bazuen ere, egungo bertako erkidego mailako gobernuak hondakinak errausteko plana bertan behera utzi duela berri eman du Greenpeace-k.

Tenerifen PSC-k datozen 10 urteotarako hondakinen kudeaketa plana aurkeztu du baita. Erraustegia eraikitzeko asmoa alboratu eta %70eko birziklatze tasara heldu nahi dute, talde ekologistaren esanetan.

Euskal Herrira itzulita, egunotan jakin dugunez, Olaztiko erraustegia eraikitzeko baimena berritzeko epea bukatu zaio Portland enpresari. Eta baimena berritzeko eskaerarik ez du aurkeztu.

Greenpeacek argitaratu berri duen artikulu osoa (erdaraz), eta gai honi loturiko txostenak, esteka honetan dituzue:

Greenpeace