Irailaren 12ko kantaldi mundialaren ostean, urriaren 4rako giroa berotu bada adi. Larunbat honetan, kantuan eta dantzan aritzeko aukera ezin aproposagoa izango baitugu berriz. Zuberotarrekin kantu-jira eta Xiberoots reggae taldearen emanaldia irailaren 26an, #Kilometroak15-en alde. Zuberoatik datozen lagunen artean, lerrootan elkarrizketatu dugun Mixel Etxekopar.
Zer nolako musika eta dantza festa izango dugu irailaren 26an?
Mixel Etxekopar: Badugu kolektibo bat Zuberoan, arte herrikoitik abiatuz hamaika gauza egiten duena. Hamaika eta bat garrena Usurbilen. Gure afera da Lesakatik Markinara, bost ekitaldi ospatzea bost herritan, eta bat Usurbilen. 19:00etan hasiko gara Sutegi aldean Pierre Vissler eta ni, entzunketa edo grabaketa zaharrekin. Gero hortik abiatuko da Kantu-jira berezia; Jean Mixel Bedaxagar, Sacha Standen eta hirurok parte hartuko dugu. Irailaren 26an itzulera bat egingo dugu plaza aldetik plaza aldera, 4-5 tokitan geratuz kantatzeko sinpleki. Muxikoak ikasten dituztela hemen entzuna dut eta Muxikoak biziki maite dut. Odolean baititut sortu aurretik. Gauean gazteari lekua, gure seme eta lagunei, Xiberoots reggae taldeari. Oso modu polit batez, serioski egiten dituzte euren kantuak. Euskal kantuak reggae moduan ematen dituzte. Zorte handia dugu eta dute, Zumetaren margolanaren aurrean emanaldia eskaintzeko. Ez da egunero gertatzen.
Mikel Laboa plaza, emanaldirako egokia ote zen jakin nahi zenuten. Bertaratu ostean, zer iruditu zaizu?
Aspaldi maite dut gunea. Usurbil aipatzen denean, bada Usurbilgo elizaren horma, baina 1973tik bada Zumetaren horma. Leku izena bera ondo pentsatua dago, Mikel Laboa plaza. Horrek ere ekartzen du kutsu poetiko izugarria. Eta kotxerik gabea da gunea, dantzan eta lasaiago egiteko aproposa. Guretzako ez da herri txikia Usurbil, hiri handia da Zuberoatik ikusita. Baina ongi pentsatua bizilekua izateko.
"Kantatzen duen herria ez da hiltzen"
Nola bizi duzue Zuberoatik inguruotan azken urteotan sortu eta sendotzen joan diren kantu taldeen bilakaera?
Kantu zaletasuna plazerrez ikusten dugu, gu horretan bizi gara, sortzetik eta ehorzketaraino kantatzen da. Kantatzea normalean Zuberoan bizitzen da, baina ez lehen bezala, bistan da. Lehen ostatuetan gehiago abesten zen, baina ikusten denean ze kantu zaletasuna den Zuberoan ere gazteengan, orain pentsatzen dut kulturalki on egiten du. Zuberoako kasuan, euskara galtzen den heinean nonbait jaten duzu kantu bat, sagarra bezala jaten duzu hizkuntza ere bai. Hizkuntza galtzen dutenek lehen urratsa egiten dute. Ez da hain anekdotikoa nik uste. Kantatzen duen herria ez da hiltzen.
#Kilometroak15 urriaren 4an. Distantziatik nola ikusten duzu, halako ekimen batek sortzen duen mugimendua?
Dinamika aldetik oso ederra. Eta hori egiazki baldin bada dinamika herrikoia, ikastolaren inguruan bada zerbait lortua. Badugu beharra guk gozatzeko eta indarra biltzeko, han euskaltzale geratzeko. Baina zubia bi aldeetan da. Ez da karidadea. Instituzioek ez digu eskatzen hala egitea eta horretan du indarra nik uste.
Irailaren 26rako gonbita herritarrei.
Xiberoots taldearekin, gazteria izanen dela heavy metal antzekoa baina Zuberoako maneran. Azaldu daitezela. Etorri eta ikusi zer nolako plazer atsegin handia duten gure gazteek. Han hasi ziren, kantuak ikasi edo reggae moduan. Egiten dute beren bidea. Transmisioko kate begia dira, inork eskatu gabe eta hori pozgarria da.
Kantu-jira eta reggae gaua
Irailak 26, larunbata
19:00 Garai bateko abestien emanaldia Sutegi inguruan, eta segidan handik abiatuta, kantu-jira. "Zuberoatik Jean Mixel Bedaxagar (Urdiñarbekoa), Mixel Etxekopar (Gotaineko musikaria) eta Sacha Standen (Lakarrin bizi den laborari biolin jotzaile ingelesa) etorriko dira eta Usurbilgo Kantu Taldearekin batera kantari ariko dira".
22:30 Zuberoako Xiberoots taldearen emanaldia Mikel Laboa plazan. "Sei gaztek osatutako taldea, Euskal kantuaren maitaleak, eta reggae zaleak ere! Kantu zahar eta berriak Zuberoatik Jamaikara!". Partaideak: Jon Etxekopar (ahotsa eta tronboia); Pette Jaragoihen (gitarra eta ahotsa); Jordi Foucher (perkusioak); Niko Guiresse (teklatua); Antoine Stassinet (guitarra) eta Armand Ahusborde (gitarrapala).
Antolatzaileak: Jexux Artze K.E., Kantu Taldea eta #Kilometroak15.