Urriaren 1ean itxiko dute Gattunk Denda

Noaua Aldizkaria 2015ko ira. 24a, 08:45

Oparoa izan da azken urtean jorratu duen ibilbidea, ahalegin itzela egin du egitasmoa aurrera atera duen bolondres taldeak. Bezeroak noiznahi saltokira sartu irtenean ikusi ditugu; bertakoak, nahiz Usurbila bisitan etorritakoak. Dendarekin nahiz eskaintzearekin liluratuta denak. Garaian garaiko, estilo anitz eta kolore guztietako arropa eskuragarri jarri digute apal eta gustu handiz apaindutako erakusleihoetan.

Eta orain, hain emankorra izan den urtebetearen ostean, pertsiana jaisteko ordua heldu da; Gattunk Denda ixtera doaz. Urriaren 1ean irekiko dute azken aldiz. #Kilometroak15-en aldeko denda itxita eta hutsik ikusiko dugu beraz, datorren aste amaierarako. Honenbestez, oraindik Gattunk markako arropa, nahiz produktuak eskuratu nahi dituzuenok adi. Urriaren 4ean, denda kalera aterako baitute, #Kilometroak15 ekimeneko zirkuitura.

5 kilometro luze izango dituen ibilbideko lau guneetan, karpa handien babespean salmenta postu bana jarriko du, arropa salmentaz arduratu den taldeak. Zehazki, zirkuituko puntuotan; lehen eta hirugarren guneetan, Udarregi Ikastolako aparkalekuan eta Txara gaineko zelaian hurrenez hurren; Kalezarko plazan; eta laugarren gunean, Atallun.

Gogoan izan...

Urriaren 1era arte...

Gattunk Denda zabalik, ordutegi honetan:

Astelehenetik larunbatera: 10:30-13:00 / 18:00-20:00 (astelehen goizetan, larunbat arratsaldeetan eta igandeetan itxita).

Urriaren 4ean...

Gattunk materiala salgai: Udarregi Ikastolako aparkalekuan, Txara gaineko zelaian, Kalezarko plazan eta Atallun.