Ostegun honetan aurkeztuko dute, #Kilometroak15 ekimeneko egitaraua

Noaua Aldizkaria 2015ko ira. 24a, 09:15

Badakigu urriaren 4an ospatuko dela, zirkuituak 5.000 metro luze izango dituela eta bost gune; gune bana, Udarregi Ikastola ondoan, Olarriondon, Txara gainean, Atallun eta Santuenean. Guneotan, nahiz ibilbidean zehar, egun osoz ekintza mordoa izango dela ere ziurtatua dago. Baina oraindik ez dakiguna da, non, zer eta noiz izango den.

#Kilometroak15 ekimeneko antolatzaileak plazaratzear dira urriaren 4ko jaialdiaren nondik norako guztiak. Ostegun goiz honetan Belartzan, Ikastolen Etxean egingo duten agerraldian aurkeztuko dute, 10 egun barru Usurbilen ospatuko den jaialdi erraldoiari loturiko egitaraua.

"Azken txanpan sartuta gaude Usurbilen, Kilometroak jaia antolatzeko azken xehetasunak lotzen buru-belarri. Gipuzkoako Ikastolen festa, Udarregi Ikastolaren aldekoa aurten, urriaren 4an egingo da, eta egun horretako egitaraua prest daukagu jada", adierazi digute antolatzaileek. Prest, eta aipatu moduan, aurkeztear. Xehetasun gehiago, egunean zehar.