Irailak 16, asteazkena, arratsaldeko 7ak: Udazkeneko arratsalde beroa, kale giroa, eta 12 lagun, Jon Maiaren inguruan bilduta. Bere bizitza laburbildu zuen ordu batez: 1972an Urretxun jaioa Espainiako (e)migrante familia batean, umetan Zumaiara bizitzera joan zen eta euskal giroa ezagutu zuen bertan. Giro horretan integratu nahian, bere jatorriaz lotsatzen zen eta barne borroka latza bizi izan zuen, are gehiago bertsolaritza munduan sartu zenean.
20 urteren bueltan, Bertold Brechten hitz batzuk ("gogoaren kontra, egoerak behartuta, herria, sendia, etxea utzi behar duena, ez da inmigrantea, erbesteratua baizik") zer pentsatua eman zioten eta bere jatorria barneratzen lagundu zioten. Horrela, 1997ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken agurrean bertso hauxe bota ahal izan zuen (portzierto, zuzenean ere abestu ziguna) :
Ama Extremadura,
aita Zamoratik,
abuela ta abuelo
haien aurretik;
herri hontan sustraitzen
asmatzeagaitik,
neuk’e maita dekazet
guztien gainetik.
Euskeraz badakit,
bertsoz darabilkit,
dena zuengatik,
halaxe dagokit,
denek kantatu dute
nere ahotik. (bis)
Momentu horretan ere ernaltzen hasi zen Riomundo eleberria, non bere amaren familiaren historia kontatzen baituen. Hala ere, liburua ez zen gauzatu 2005. urterarte.
Frankismo garaiko (e)migrazio masiboa, integrazio eza, bertakoek etorkinak "inbaditzaile" bezala hartu izana, hala moduzko elkar bizitza... guzti horiek mintzagai izan genituen bere ibilbidea entzun ondoren. Gauza batean ados geunden denok: kanpotik datozenak eta bertakoak gerturatu (elkartu, nahastu...) ahal izateko, elkar ezagutzea beharrezkoa da, elkarren historien berri izatea. Helburu horrekin idatzi omen zuen eleberri hau, eta solasaldian entzun ahal izan genuenagatik, ederki lortu duela esan genezake.
Partaideen artean, Espainiatik migratutako pertsona baten historia ere entzun ahal izan genuen; momentu hunkigarria izan zen ezagutzen dugunontzat. Eta hortik, gaur egungo Usurbilen nola bizi dugun etorkinen etorrera, non bizi diren, non eskolaratzen dituzten euren seme-alabak... Erreflexio biziki interesgarriak entzun ahal izan genituen.
Ez dugu berehalakoan ahaztuko topaketa hau. Mila esker denoi!
(Irudi gehiago, hemen!)