KMK15-en egitarau aurkezpena: "Urriaren 4an zuen zain egongo gattunk"

Noaua Aldizkaria 2015ko ira. 24a, 12:55

"Auzolanean buru-belarri egongo garen usurbildarrok prest egongo gattunk zuei ahalik eta ongi etorri beroena egiteko. Gonbidatuak zaudete guztiok, zuen zain egongo gattunk". Urriaren 4an Usurbilen ospatuko den #Kilometroak15 ekimenera etortzeko gonbidatuz eta jaialdiaren leloa baliatuz amaitu dute antolatzaileek, ostegun goiz honetarako ate joka dugun jaialdi erraldoiaren egitaraua aurkezteko, Ikastolen Elkartean deitua zuten agerraldia.

Eñaut Lasarte #Kilometroak15 ekimeneko tokiko koordinatzaileak, Mariaje Imaz Udarregi Ikastolako zuzendariak, Arantza Manterola Ikastolen Elkarteko kideak, eta Kilometroak jasangarri, parekide eta inklusiboa izateko lanean jardun duten batzordeetako hiru ordezkarik parte hartu dute; Mikel Usabiaga, Garazi Lizaso eta Begoña Izeta usurbildarrek hurrenez hurren.

"Iritsi da unea: urriaren 4an, Usurbilen ospatuko da Gipuzkoako ikastolen jaia, Udarregi Ikastolaren alde. Urtebeteko lanaren emaitza ikusiko dugu egun horretan", antolatzaileen esanetan.

Urriaren 4an Usurbilda datozenek, herriko txokoez gozatu, Udarregi Ikastola bultzatzen ari den hezkuntza proiektua hauspotu, ikastolei babesa adierazi eta #Kilometroak15 ekimeneko zeharlerro ditugun jasangarritasun, parekidetasun eta inklusibitateari lotuta prestatu den ekintzetan parte hartzeko gonbita luzatu dute antolatzaileek.

Albiste honi atxikitako bideoan duzue antolatzaileen agerraldia osorik.