Azken ostirala gaur, elkarretaratzea 20:00etan Mikel Laboa plazan

Noaua Aldizkaria 2015ko ira. 25a, 13:31

Euskal presoak eta iheslariak etxean nahi dituzte, ostegun arratsaldean Sortuk Mikel Laboa plazan deituriko elkarretaratzean bildu ziren usurbildarrek. Espainiako Auzitegi Nazionalak ostiralean egingo duen bilkuraren harira antolatu zen elkarretaratzea. Bai Usurbilen, baita beste hainbat udalerrietan ere.

Ostiral honetan, hainbat euskal presok, tartean Xabier Aranburu "Xomorro" aginagarrak euskal herriratzea eskatzeko aurkezturiko helegiteak aztertzen hasiko da Auzitegi Nazionala. Helegiteon aurrean zer erabaki eta noiz har dezaketen ez dago argi, atzoko mobilizazioan berri eman zutenez. Gogoan izan, aginagarrak aske behar zuela jada pasa den martxorako, "kondenaren likidazioan zigorren zenbaketa bikoitza deritzon dotrina ez baliote aplikatu. Gaur egun irteera data 2017ko martxoaren 11rako finkatua dauka".

Elkarretaratzea, euskal preso eta iheslariak euskal herriratzea eskatzeko baliatu zen. Eta sakabanaketarekin amaitzea galdegiteko baita. Azken urteotan okerrera egin du eta, espetxeetako presoen egoerak. Eta ez da ahaztu behar, euskal presoen sakabanaketak astebururo ehunka kilometro egitera behartzen dituztela senide eta lagunak.

Azken ostirala

2014. urtean zehar euskal presoek Euskal Herriko espetxeetara gerturatzeko eginiko eskaerek Espainiako Espetxe Zaintzaren ezetza jaso zuten. Horren aurrean, presoek helegiteak aurkeztu zituzten. Lehen helegiteak, 12 guztira, aztertzen hasiko dira ostiral honetan, irailaren 25ean Espainiako Auzitegi Nazionalean. Tartean da, Xabier Aranburu "Xomorro" preso aginagarraren helegitea ere, Iñaki Cañas, Unai Fano, Karlos Trenor, Xabier Balerdi, Mikel Askasibar, Josu Arkauz, Garikoitz Arruarte, Juan Jose Zabaleta, Luis Galarza, Asier Garcia Uribarri eta Sergio Garciarenarekin batera.

Hainbat euskal presoren helegiteak ostiralean aztertuko ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak, hain zuzen, iraileko azken ostiral honetan. Eguna, hilero moduan, Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deitu ohi duen euskal preso, iheslari eta haien senideen eskubideen aldeko elkarretaratzearekin egokitu da. Mobilizazioa, beti bezala, iluntzeko 20:00etan hasita, Mikel Laboa plazan.