Txartel guztiak oparidunak, igandeko azken Gattunk Tonbolan

Noaua Aldizkaria 2015ko ira. 28a, 09:50

Opariak baina batez ere ilusioa banatzera dator azken aldiz igande honetan, #Kilometroak15 ekimenaren aldeko elkartasun tonbola. Sagardo Eguneko eta Santixabeletako esperientzia arrakastatsuen ostean, igandean, urriaren 4an hirugarren, eta diogun moduan, azken edizioa ospatuko da. Ana Urdangarin, Larraitz Izagirre eta tonbola kideak zuen zain izango dituzue, esku bete opari banatzeko prest. Adierazi digutenez, txartel guztiek opari segurua izango dute. Alegia, tonbolara gerturatzen bazarete, ezinezkoa izango da handik esku hutsik joatea. Txartelak euro batean egongo dira salgai.

Opari zerrenda amaigabea

Luzea, oso luzea da Gattunk Tonbolak banatu nahi dituen oparien zerrenda. Antolatzaileek aurreratu digutenez, Real Sociedad taldeko kamisetak, DVD-ak eta musika CD-ak, Gattunk markako arropa, Donostiako Aquarium eta La Perlarako sarrerak, kotxe telegidatuak, Irrien Lagunak taldekoen produktuak, mallotak...

Boluntario taldea osatua dute tonbolakoek. Larunbatean muntatuko dute azpiegitura. Eta igandean, aurreko edizioetan bezala, festa giro ederrean sariak eta ilusioa oparitzera.

Gattunk Tonbola

Eguna: urriak 4, igandea.

Ordutegia: 09:00-20:00.

Tokia: Oiardo Kiroldegi atariko plaza, #Kilometroak15 ekimeneko 1.gunea.