Eskuratu KMK15-en banderolak, ostegunera arte irekia egongo den Gattunk Dendan

Noaua Aldizkaria 2015ko ira. 28a, 09:30

Herritik osteratxoa eman eta gorantz, etxaurreetara begiratzen duenak nabari du bai, egun handia heltzear dela. Hala gogorarazten digute, hainbat bizilekuetako balkoietatik zintzilik dauden #Kilometroak15 ekimeneko banderola berdeek. Zuk ere, bizilekua urriaren 4rako girotu nahi baduzu,  mugi. Igande honetako jaialdiaren aldeko banderola eskuratzeko ostegunera arteko tartea duzue. Gattunk Denda hiru egun barru itxiko baitute.

Urriaren 4an zirkuitura saltzera

Oparoa izan da azken urtean jorratu duen ibilbidea, ahalegin itzela egin du egitasmoa aurrera atera duen bolondres taldeak. Bezeroak noiznahi saltokira sartu irtenean ikusi ditugu; bertakoak, nahiz Usurbila bisitan etorritakoak. Dendarekin nahiz eskaintzearekin liluratuta denak. Garaian garaiko, estilo anitz eta kolore guztietako arropa eskuragarri jarri digute apal eta gustu handiz apaindutako erakusleihoetan.

Eta orain, hain emankorra izan den urtebetearen ostean, pertsiana jaisteko ordua heldu da; Gattunk Denda ixtera doaz. Ostegun honetan, urriaren 1ean irekiko dute azken aldiz. #Kilometroak15-en aldeko denda itxita eta hutsik ikusiko dugu beraz, datorren aste amaierarako. Honenbestez, oraindik Gattunk markako arropa, nahiz produktuak eskuratu nahi dituzuenok adi. Urriaren 4ean, denda kalera aterako baitute, #Kilometroak15 ekimeneko zirkuitura.

5 kilometro luze izango dituen ibilbideko lau guneetan, karpa handien babespean salmenta postu bana jarriko du, arropa salmentaz arduratu den taldeak. Zehazki, zirkuituko puntuotan; lehen eta hirugarren guneetan, Udarregi Ikastolako aparkalekuan eta Txara gaineko zelaian hurrenez hurren; Kalezarko plazan; eta laugarren gunean, Atallun.

Gogotik lan egingo dute egunotan, urte osoan egin duten moduan, Gattunk Denda eta biltegiko boluntarioek. Indar berrituta itzultzeko boluntario talde bat, Budapesten izan berri da. Handik helarazi digute goiko argazkia, Gattunk banderola eskuetan dutela.

Gogoan izan...

Urriaren 1era arte...

Gattunk Denda zabalik, ordutegi honetan:

Astelehenetik larunbatera: 10:30-13:00 / 18:00-20:00 (astelehen goizetan, larunbat arratsaldeetan eta igandeetan itxita).

Urriaren 4an...

Gattunk materiala salgai: Udarregi Ikastolako aparkalekuan, Txara gaineko zelaian, Kalezarko plazan eta Atallun.