Joan Mari Torrealdairentzat, 2015eko Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria

Noaua Aldizkaria 2015ko ira. 28a, 14:08

Euskararen eta euskal kulturaren alde egin duen lanagatik, gizarteari egin dion ekarpena “erreferentea” eta “eredugarria” izan delako, Joan Mari Torrealdaik jasoko du 2015eko Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria. Sari-emate ekitaldia, 2016ko lehen hiruhilekoan ospatuko da.

"Epaimahaiaren hitzetan, urte zailenetatik hasi eta gerora, lan handia egin du euskararen eta euskal kulturaren sustapenean, gizartean "eredugarri" eta "erreferente" bilakatuz. Ildo berean, idazle bizkaitarraren kultur ekoizpena goratu du, eta bere curriculumak sariaren filosofiarekin bat egiten duela nabarmendu du: “Manuel Lekuonaren kezka ez zen bakarrik izan euskara eta euskal kultura ikertzea, baizik eta biziaraztea, hau da, gizartean merezi duten lekua ematea, eta horrekin bat egiten du Torrealdaik”.

Irabazlea hautatzeko bi bide erabili ditu Eusko Ikaskuntzak. "Batetik, bozketa prozesua izan da, eta bertan Euskal Komunitate Globalak eta Eusko Ikaskuntzako bazkideek eman dute beren bozka. Horiek azken emaitzaren %40 balio izan dute, eta mila lagun inguruk parte hartu du. Bestetik, Epaimahai Instituzionala osatu da, eta bere iritziak azken emaitzaren %60 balio izan du. Aurtengo edizioan honako erakundeek osatu dute: Eusko Ikaskuntza, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, Euskaltzaindia, Aranzadi Zientzia Elkartea, Labayru Ikastegia, Jose Miguel de Barandiaran Fundazioa eta Vianako Printzea Erakundea".

Astelehen honetan ezagutzera eman duten albisteari buruzko informazio gehiago, esteka honetan:

Eusko Ikaskuntza