Garraio zerbitzu publikoak erabiltzeko deia ohi bezala, #Kilometroak15 egunerako. Besteak beste, Euskotrenek zerbitzuak indartuko ditu. Hainbat herrietatik ere autobus mordoa helduko da Usurbila. Autobusa eta trenaz gain ordea, hiriburutik Usurbil aldera datozenentzako bizikleta erabiltzea sustatu nahi da. Are gehiago, Lasarteraino bidegorria egina dagoela jakinda. Azpiegitura hau baliatuz, Donostia Santueneko bosgarren gunearekin lotuko duen bizikleta martxa antolatu du #Kilometroak15-ek urriaren 4rako, Kalapie elkartearekin eta udalerrietako udaltzaingoekin batera. 09:30etan Alderdi Ederretik abiatuko den ekimenera puntu ezberdinetan batzeko aukera egongo da. “Ahalik eta jende gehien bizikletaz etortzea nahi dugu”, horixe antolatzaileen helburua.
Aparkalekua bizikleta erabiltzaileentzat
Zubietatik igaro eta Santuenean amaituko da martxa. Bertan, bizikletak aparkatzeko gunea egokitu du #Kilometroak15-ek Idiazabalgo Ampo enpresaren laguntzaz, bai martxan datozenentzat baita egunean zehar bizikletaz etortzea erabakitzen dutenentzat ere. Aparkalekua zabalik izango da, 09:00-19:30 artean. “Aparkaleku zerbitzuaren bidez, jabeak bizikleta identifikatzen duen kodea jasoko du. Bizikleta aparkalekutik jasotzeko ezinbestekoa izango da kode hori erakustea. Zerbitzua ixtean, oraindik txirrinduak jaso gabe baldin badaude, Usurbilgo udaltzainen esku geratuko dira, eta hurrengo egunetan jaso ahal izango dituzte”, ohartarazi dute.
Donostia-Santuenea bizikleta martxa: 14 km
09:30 Donostia, Alderdi Eder.
09:40 Antigua.
10:00 Añorga.
10:10 Errekalde.
10:15 Lasarte-Oria.
10:30 Zubieta.
11:00 Santuenea.
Adi trafiko oharrei
-Ibilgailuen aparkalekuak: Urbil (Donostiatik G-20tik datozenentzat), Belartza (N-1 errepidetik datozenentzat) eta Aritzeta (A-8tik datozenentzat).
-Autobus “lanzaderak” aparkalekuetatik Zumartegi industriagunera.
-Autobusen aparkalekua: Zumartegi industriagunea.
-Autokarabanen aparkalekuak: Atxegaldeko Mahaspildegi elkarte azpian, Urdaiagan, Harane eta Araetako aparkalekuetan.
-N-634 errepidearen trafikoa murriztuko dute, Belartzako errotondatik Orioko Txanka pareraino. Errepidea irekita soilik: autobusentzat, larrialdi zerbitzuentzat, edo premia duten herritarrentzat.
-Udalerrirako sarrerak itxita ibilgailuentzat. Zubietan ere Eskola Txiki parean itxiko da sarrera ibilgailuentzat. Hortik Santuenera bidera irekita oinezko eta bizikleta erabiltzaileentzat.
-Udalerri barruan: larrialdi egoeretan izan ezik, zirkuitua igaroko den kaleetan ezingo da autoa aparkatuta utzi ezta mugitu ere.