"Hondakinik onena, sortzen ez dena", KMK15 jasangarrirako leloa

Noaua Aldizkaria 2015ko ira. 30a, 09:31

Lelo hau berea egin du urte osoan ingurumen arloan lanean aritu den #Kilometroak15 ekimeneko batzordeak. Eta isla argia izango du urriaren 4an. Jasangarritasunean sakondu nahi baitute. Horretarako hainbat neurri hartzea erabaki dute.

Mugikortasun jasangarria sustatzeko bizikletaren erabilera bultzatu nahi dute KMK15 egunera etortzeko. Bizikleta martxa antolatu dute iganderako, Donostian abiatu eta Zubietatik barrena, Santuenera. Santuenean kokatuko den bosgarren gunean, bizikletak uzteko aparkalekua egongo da egun osoz. Zaintzapean egongo da.

Bertan bildu eta tratatu

Zirkuitu eta guneetan plastiko gutxiago kontsumitzeko iturriko ura edatea sustatuko dute. Herrian ditugun iturriak seinaleztatu eta iturri gehiago jarriko dituzte txosnetan. Freskagarriak ez dituzte aluminiozko latetan zerbitzatuko. Sagardoa, ardoa eta txakolinaren botilak berreskuratuko dituzte eta edalontzi berrerabilgarrien erabilera sustatu. “Festaren amaieran, edalontziak itzultzeko eskaria egingo zaie festazaleei. Baliabide asko jarri dira ahalik eta edalontzi gehien berreskuratzeko”.

Bestalde, kontsumituko diren produktuak eskuratzeko, ahal den neurrian gertuko hornitzaileengana jo dute. Zerbitzatuko diren produktuak kontsumitu ostean, hondakinak ez nahasteko baliabideak jarriko dira, gero auzolanean gaika biltzeko. Hiru guneetako ontzi marroietan bildutako organikoa guneotan bertan konpostatuko da. Neurri gehiago; Euskal Herria Zuzenean jaialditik ekarritako ideia. “Gune batean komun idorrak jarriko dira, inolako produktu kimikorik gabe, zerrautsa botaz dena konposta egiteko eramango da”, antolatzaileen esanetan.

Bost gune nagusi izango ditu #Kilometroak15 jaialdiak. Baina zirkuituak beste bi geltoki ere izango ditu. Bat, jasangarritasunari loturikoa; Lurra kalea, Olarriondo inguruan:

Urriak 4, igandea

L gunea, Lurra kalea

Egun osoan zehar:

-Kutxa Fundazioak antolatutako "Gipuzkoa solidarioa" eta "Kutxa Ekogunearen" postuak.

-Herri baratzetara bisita eta haurrentzako tailerrak.

-Jakoba Errekondoren kontsultak.

-Eusko Label pintxoak.

19:00 Amaiera.

Urriaren 4ko ekitaldi guztien berri: KMK15 egitaraua