Eraso sexisten aurkako protokoloa landu du KMK15-ek

Noaua Aldizkaria 2015ko ira. 30a, 09:13

Jai parekideak sustatzeko batzordea gogor aritu da azken urtean lanean, jorratu beharreko ibilbidea luzea dela jakin arren, hainbat urrats ematen. Jai parekideak ikuspuntu feminista batetik hausnartu eta landu nahi izan dira. Zeharlerro hau, egitarauan, antolakuntzan edota komunikazio mailan txertatu da. Baita #Kilometroak15-en abesti eta bideoklipean ere.

Jai parekideetan hezteko saioak eta sentsibilizazio ekimenak sustatu dituzte. Urriaren 4ko ekimenetan gizon eta emakumeen presentzia orekatua bermatzen ahalegindu dira. Eraso sexisten aurkako protokoloa ere landu dute, urriaren 4rako hain zuzen. Igandean, eraso sexistarik gertatuko balitz, mezu argia luzatu nahi dute parekidetasun batzordekoek; “erasotua izan denak guneko sorospen postura jo dezala eta bertatik bideratuko dute laguntza”. Eraso sexista edo sexualen protokoloak definituak ditu batetik, erasoak saihesteko bideratu beharreko prebentzio lana eta gertatuko balitz, eraso sexista edo sexualei aurre egiteko laguntza baliabideak, eta pausoz pauso, eman beharreko erantzun sozialaren nondik norakoak.