Emakumeen Mundu Martxarekin bat egin du Usurbilgo Udalak

Noaua Aldizkaria 2015ko ira. 30a, 09:11

Europa osoa zeharkatzen ari den Emakumeen Mundu Martxa Euskal Herrian da astebetez. Astelehenean heldu zen Tafallara bost urtean behin antolatzen den ekimena, eta udalerri ezberdinak zeharkatuko ditu igandera bitarte. IV. Nazioarteko Ekintza izango da honakoa, martxoaren 6an Kurdistanen hasi eta urriaren 17an Lisboan amaituko dena.

Usurbilgo Udalak Emakumeen Mundu Martxari babesa adierazi eta "bere esku dauden baliabideekin berdintasunaren alde lan egiteko eta neurriak hartzeko konpromisoa hartzen du", astearte honetan egin den osoko ohiko bilkuran EHBilduk aurkezturiko adierazpen instituzionalak jasotzen duenez. Adierazpena aho batez onartu zuen udalbatzak. Testuak dioena osorik, segidan duzue. Informazio gehiago: emakumeenmundumartxa.eus

“Bi Txoriburu” proiektuaren bigarren zatia

Bertako arropa diseinatzaileen erakustoki bihurtu zuen Sutegi ekainean, Zorione Mendez herritarrak. “Bi txoriburu” izeneko egitasmoa solidarioa ere bazen; batetik, lan baldintza kaxkarretan diharduten jostunen errealitatea ezagutarazi ziguten, zer, non eta zenbatean erosten dugun jabetu gaitezen. Eremu honetan lanean diharduten zenbait Gobernuz Kanpoko Erakunderen informazioa ere eskuragarri jarri zuten. Proiektu haren segida dator orain. Astearteko osoko bilkuran ekimenotan parte hartzeko gonbita luzatu zen. Ekimenok, besteak beste Emakumeen Mundu Martxarekin elkarlanean antolatu baititu Zorionek:

Urriak 9, ostirala

Ordua: 18:00.

Tokia: Sutegiko auditorioa.

Ekitaldiak: "The True Cost" film-dokumentala eta "Emakume jostunen baldintzak" hitzaldia.

Zehaztasunak: "Bi txoribururi jarraipena emateko, "The true Cost" (96 minutu) film-dokumentala proiektatuko dugu. Bertan, modak gugan duen inpaktua ikusi ahal izango dugu, eta, bide batez, pentsarazten jarriko gaitu zein dagoen ekoizpen guztiaren atzean. Ondoren, azalpentxo bat emango digu SETEMeko kide batek; markak, esplotazioa,... Kontsumo arduratsu baten alde, trukearen alde eta bertakoa kontsumitzearen alde. Proiektuari jarraipena emateko, Bi txoriburu elkarlanean jarri da SETEM eta Emakumeen Mundu Martxarekin. Bertan, sinaduren orri bat egongo da "Arropa Garbiaren Kanpaina”ren alde eta "Emakumeen Mundu Martxa”ko informazioa, kamisetak...".