“Guraso bezala, kontsumoaren aurrean zer egin Kilometroetan?” hitzaldia 17:00etan Udarregi Ikastolan

Noaua Aldizkaria 2015ko urr. 1a, 09:18

Mahai inguru eta tailerrak egin dira, guraso, ikasle edota urriaren 4an taberna eta txosnetan lan egingo dutenekin. DBH-ko ikasleen aita amekin egin nahi da azken saiakera. #Kilometroak15 eta bestelako ospakizunetan, nerabeen artean gehiegizko alkohol kontsumoa saihestu eta kontsumo arduratsua sustatzeko hitzaldia antolatu du prebentzio batzordeak ostegun honetarako, urriak 1, 17:00etan Udarregi Ikastolan. DBH 1,2,3 eta 4 mailetako ikasleen gurasoei zuzendua dago deialdia. “Guraso bezala, kontsumoaren aurrean, zer egin Kilometroetan?” izenburua duen saioa, Izar Arregi psikologoak bideratuko du.

“Zaindu zeure burua”

Nerabeak, sustantzien kontsumoa eta egungo jai eredua. Hirukote leherkorra sarritan, urtean zehar izaten diren aisialdiko hainbat ospakizunetan. Bestelako substantziez gain, graduazio altuko edariak modu konpultsiboan kontsumitzen duten gazteen kopurua nabarmen hazi da urteotan. Alarma pizteraino noski. Kilometroak ere, ez da halako errealitatetik salbuetsita dagoen jaialdia.

Baina aldaketak nabari dira, hoberako gainera, 2013an Tolosan ospatu zen edizioaz geroztik. Eta ez da kasualitatez gertatu, emaitza onak ematen ari den lanketa bat dago horren atzean. Tolosako esperientziaren ondoren, Orion ere aurrez eginiko lanketak bere emaitza onak izan dituela ikusita, bide bat zabaldu da eta bide horretara batu da Usurbilgo #Kilometroak15. Urriaren 4ko jaialdia antolatzeko osatu diren batzordeen artean, bada bat prebentzioa jorratzen ari dena, lerrootan azaltzen ari garen errealitateari aurre egiteko tresna eraginkorrena. Eta ez diogu guk, datuek baizik, eraginkorragoa dela egunerokoan elkarbizi garen substantzien kontsumoa debekatu ordez, indar guztia prebentzioan jartzea. Eta horretan ari da herritar talde bat.

Maiatzean prebentzioaren inguruko mahai ingurua antolatu zuten Potxoenean zenbait aditurekin; Izar Arregi Udarregi Ikastolan ikasleekin lanean denbora daraman psikologoarekin eta iaz bere udalerriko esperientzia gertutik bizi izan zuen prebentzio lana sustatzen duen AGIPAD elkarteko kide Lukene Lizaso oriotarrarekin.

Bereziki gurasoak erakarri zituen hitzaldian, esperientziak partekatu, zalantzak argitu eta duela urte batzuetatik hona kezka berezia eragiten duten egoeron aurrean nola jokatu asmatzeko, jarraibide ezberdinak planteatzeko aukera izan zen.

Debekatu ordez, ohartarazi

Debekua izan da sarritan baliatu den estrategia. Baina adituen esanetan, argi denez, ez du esperotako emaitza onik izan. Prebentzioa askoz eraginkorragoa ikusten dute. Baina prebentzio lan hau gaztetxoekin nola bideratu, hortxe gakoetako bat. Ez dago formula bakar eta magikorik, izateko modu adina estrategia baizik, Potxoeneko mahai inguruan aipatzen zutenez. Baina badira aintzakotzat hartzeko moduko zenbait faktore.

Bat, guraso eta gazteen autoezagutza. “Aztertu zer estilotako gurasoa naizen eta zer estilotako seme-alabak ditudan”, zioen Izar Arregik. Eta “gazteek beraien burua ezagutu dezatela, hartara kontrolatzeko gaitasun handiagoa izango dute”, zioen Lukene Lizasok. Ahal den neurrian, kontsumitzen hasteko adina atzeratzen saiatzea litzateke beste gakoetako bat. Eta kontsumoa debekatu ez, garrantzitsuagoa dena “gerta daitekeenaz ohartarazi”. Gai honetaz guraso eta seme-alaben artean hitz egin. “Zaindu zeure burua”, helarazi beharreko mezuetako bat.

Prebentzio lanari dagokionez hori. Gehiegizko kontsumoa jada eman den gaztearen kasuan zer egin izan ohi da beste zalantzetako bat. Arregiren ustez, gomendagarriena, “seme edo alabari sartutako hanka ateratzen laguntzea da, hanka sartzea konpontzeko zer baliabide dituen ikustaraztea”. Baina beti ere, “konponbidea nerabeak berak planteatzea”. Eta halako esperientzia bat bizi ostean ezinbestekoa dena, sarri zaila suertatzen den arren, mugak jartzea. Egoeroi aurre egiteko, gurasoen arteko elkarlana garrantzitsutzat jotzen dute.

Aisialdian, nerabeak kontuan hartzea

Euskal Herrian aisialdi eremua betidanik egon da lotua alkoholaren kontsumoari. Kontsumo eredua ordea aldatu dela ohartarazten digute adituok. “Lehen ondo pasatzen ari ginen artean mozkortzen ginen, orain aldiz ondo pasatzeko aurrez mozkortu behar dela dirudi”, zioen Lizasok Potxoeneko mahai inguruan. “Ondo pasa behar horretatik datoz arazoak” askotan, Izarren esanetan. Nahiz gogorarazten dutenez, faktore anitzek eragiten duten gehiegizko kontsumoa. Eta hemen gogorarazten digutena; parrandan, “gaizki pasata ere ez da ezer gertatzen”. Gaineratzen dutenez, arreta ez da kontsumitzaileengan bakarrik jarri behar, ez direnengan bereziki. Koadrila batean gutxiengoa izan daitekeena, aldi berean kontsumitzaile direnei begira eredu izan daitezke. Halere batzuen eta besteen arteko elkar errespetua egotea garrantzitsutzat jotzen dute adituok.

Eta aisialdiko eskaintza izatea nerabeentzat. Jaietan adibidez, haur nahiz helduentzat izaten baita ekimenik. Baina sarritan ez da eskaintza zehatzik izaten 12-18 urte arteko gazteentzat. Aurten bai. Santixabeletan lanketa berezia egin du guraso talde batek, Gaztelekuarekin batera. Gaztetxef eta ginkana antolatu dituzte. Eta Kilometroak egunerako, Gipuzkoako ikastetxeetako adin tarte honetako gazteak partaide izango dituen Erronka antolatzen dabiltza.

Ekarpenak, baliagarri

Askoz gehiagorako eman zuen hitzaldiak. Interesgarria denentzat, baita bereziki #Kilometroak15eko prebentzio taldearentzat ere. Hitzaldiko ekarpenak biltzen aritu ziren. “Bildutako ekarpenak jaso eta kontuan hartuko dira”, adierazi zuten prebentzio taldetik. Dekalogo bat kaleratu dute eta urriaren 4ra begira, ostalariekin eta txosnetako kideekin formazio saioak antolatu dituzte, beste ekimen batzuen artean.