KMK15 ekimenari buruzko artikulua, Elhuyarren Usurbilpedia egitasmo berriko lehena

Noaua Aldizkaria 2015ko urr. 1a, 09:16

Usurbilgo kultura eta ondarea lau haizeetara zabalduko duen proiektu berria aurkeztu zuen Elhuyar Fundazioak, pasa den irailaren 12ko Usurbil Herri Anitza! jaialdiaren baitan; Usurbilpedia. "2015eko Kilometroak Usurbilen izango dela baliatuz, Usurbileko eragile eta wikilari zenbaiten eskutik abiarazitako ekimena da, Usurbileko ondarea, kultura eta ezagutzea zabaltzea xede dituena", proiektuaren sustatzaileen esanetan.

Usurbilpedia, udalerriari loturiko edukiak guztion eskuragarri jartzeko sortua da, herritarrek egin nahi dituzten ekarpenekin osatzen eta aberasten joan nahi duena.

Hastapenetan da egitasmoa. Kilometroak 2015ari loturikoa da sortu duten lehen artikulua, euskaraz. Eta beste 10 hizkuntzetara itzuli dute, euskara ez den beste ama hizkuntza bat duten usurbildarrek. Egitasmoari buruzko zehaztasun gehiago dakartza lerrootan, Elhuyar Hizkuntza eta Teknologiako langile Josu Aztiriak.

Zer da Usurbilpedia?

Josu Aztiria: Gipuzkoako ikastolen jaia aurten Usurbilen izango dela aitzakiatzat hartuta, Elhuyarren laguntzaz, Usurbilgo zenbait eragile eta wikizalek abian jarri duten proiektu bat da. Pixkanaka, Usurbili eta usurbildarrei buruz Wikipedian dagoen informazioa osatzea eta eguneratzea da helburua, Usurbilen eta usurbildarren ondarea eskuragarri jartzea, euskaratik, auzolanean eta herritarren ahalduntze digitala bultzatuz.

Horrelako egitasmo bat egiten den lehen aldia da?

Usurbilen bai, baina beste leku batzuetan egin dira horrelakoak aurrez. Donostiako Amara auzoan egin zutena izan dugu erreferentzia guk.

Irailaren 12an egin zenuten aurkezpena. Baina egitasmoa hasi besterik ez da egin, ezta?

Izatez, ibilbide luzeko egitasmo bat da. Hasteko, urriaren 4an herrian ospatuko den Kilometroak jaiari buruzko informazioa zabaldu nahi da euskaraz eta Usurbilen hitz egiten diren ahalik eta hizkuntza gehienetan. Euskaraz egin da sarrera nagusia lehendabizi, eta ahalik eta hizkuntza gehienetara moldatzen ari dira, herritarren parte-hartzearekin. Jatorri desberdineko herritarrek Kilometroak 2015-en informazioa beste hainbat hizkuntzatara zabalduko dute lau haizetara.

Nork eta nola har dezake parte egitasmoan?

Proiektuarekin bat egin nahi duten guztiek har dezakete parte. Garrantzitsuena ez da informatika-ezagutza, gogoa eta herriarekiko jakin-mina baizik. Wikipedian lan egiteko ikastaroak antolatuko ditugu nahi duten guztientzat, eta haietan emango dugun informazioa baliatuz, nork bere erara lan egin dezake, artikulu berriak sortuz, osatuz, lehendik daudenak beste hizkuntza batzuetara itzuliz...

Zein izango dira hurrengo urratsak?

Ideia ugari daude, eta zehaztuz joan ahala emango ditugu xehetasunak. Usurbilgo elkarteekin egon nahi dugu, proiektuan esku har dezaten, eta wikimaratoi bat antolatzeko asmoa dugu, auzolanean Wikipediako informazioa osatzeko. Garrantzitsua da herritarrak animatzea eta parte hartzeko beldurra galtzea. Horretarako, trebakuntza-saioak emango ditugu.