Andatza M.K.T.-k, Buruntzaldeko Ibilbideen Egunerako laguntza behar du

Noaua Aldizkaria 2015ko urr. 1a, 08:45

Urriaren 11n 9:00etatik 14:00etara ospatuko den 8. Buruntzaldeko Ibilbideen Egunean, "Santuenean eta Aginagako Mapil inguruan jartzen ditugun mahaietan egin beharreko lantxoak egiteko" laguntza behar du Andatza Mendizaleen Kirol Taldeak. Laguntzeko prest dagoenak, Oiardo Kiroldegira gerturatu eta izena eman dezala, edo bestela idatzi mezu bat, kirola@usurbil.eus helbidera.

Bailarako txokoak ezagutzeko aukera ederra

Andoain, Lasarte, Urnieta eta Usurbil lotzen dituen bide sarea badugu. Beste kontu bat da, ia lotuneok ezagutzen ote ditugun. Horretara, bideok ezagutu eta bailarako paisaia eta txokoez gozatzeko gonbita luzatzen digute eskualdeko udalek beste behin, urriaren 11rako antolatu duten Buruntzaldeko Ibilbideen 8. Egunean. Amaieran, itzultzeko autobus zerbitzua izango da.

5 ibilbide aukeran

Eguna: urriak 11, igandea.

Ordutegia: 9:00-14:00.

Ibilbideak:

-Andoain-Lasarte: urdina eta urre zaharra; 7,9 kilometro; oinez egitekoa, mendiko oinetakoak beharrezkoak.

-Andoain-Urnieta: urdina eta berdea; 4,8 kilometro; oinez edo bizikletaz egitekoa, kirol oinetakoak beharrezkoak.

-Andoain-Usurbil: urdina eta laranja; 14,9 kilometro; oinez egitekoa, mendiko oinetakoak beharrezkoak.

-Lasarte-Urnieta: urre zaharra eta berdea; 3,9 kilometro; oinez edo bizikletaz egitekoa, kirol oinetakoak beharrezkoak.

-Lasarte-Usurbil-Aginaga (Santuenetik barrena, Mapileraino): urre zaharra eta laranja; 9 kilometro; oinez edo bizikletaz egitekoa, kirol oinetakoak beharrezkoak.

Kontrolak eta anoa

Herri bakoitzean kontrol une bat egongo da (Usurbilen bi), argibideak emateko eta mokaduak eta edatekoak banatzeko:

-Usurbilen: Santueneko auzoan, Zorrotzeko zubiaren parean eta Aginagan, Mapil inguruan.

-Andoainen: udaletxe azpian.

-Lasarte-Orian: San Pedro elizaren ondoko plazan.

-Urnietan: udaletxe azpian.