Konponketak behar izan arren, Aginagako Eskola Txikiak ohiko jardunean segiko du

Noaua Aldizkaria 2015ko urr. 2a, 11:31

Garbitzailea izan da hondaketaz jabetu den lehena. Goizean goiz, bere lana egitera hurbildu da eta orduan jabetu da ezbeharraz. Gaueko euriteen ondorioz, eraikineko teilatuak amore eman du eta ura sartu da Eskola Txikian. Goiko solairuko ludoteka nagusia eta bulegoa egoera kaxkarrean dira eta azpiko hiru geletan itoginak daude.

Teilatua konpontzen ari ziren

Duela hilabete inguru, eraikinaren jabea, gotzaintza teilatua konpontzen hasi zen. Teilatua altxata zegoen tartetik sartu da bart gauean botatako euri ura, eta azpian dauden ludoteka, irakasleen gela eta Aginagako Eskola Txikiko ikasgeletara sartu da. Sabai faltsuko zenbait zati erori dira.

Kalteak ez dira soilik goiko zatian eman. Goiko solairuko (ludoteka nagusian) ezbeharrak azpiko solairuan ere eragina izan du. Azpiko bi geletan gutxienez itoginak daude. Sikiera ezbeharra gauez gertatu da, ludoteka hutsik zegoenean eta ez da kalte pertsonalik izan. Kalte materialak soilik.

Eraikin berean segiko dute

Itoginengatik solairu kaltetuena goikoa da noski; ludoteka ingurua. Azpiko solairuan dauden ikasgelak ez dira hain kaltetuak izan. Horregatik, klaseek ez dute etenik izango hurrengo astean. Eskola Txikiak ohiko jardunean, eraikinetik mugitu gabe segitzeko arazorik ez du izango, Usurbilgo Udaletik aditzera eman dutenez.

Ikasleek ikasgeletan segiko dute. Eraikineko gainerako gelak baliatuko dituzte, beheko solairukoa edota jubilatuek tailerretarako baliatu ohi dutena, konponketa lanak amaitu arte erabili ezingo dituzten goiko solairuko guneen ordez. Lanek iraun artean, segurtasuna izango da noski, bermatu eta lehenetsiko dena.

Aste gutxiren buruan, erabateko normaltasunera itzuliko direla aurreikusten dute.