KMK15 eguna tarteko, hainbat kale ibilgailuz hustu beharko dira larunbat eguerdirako

Noaua Aldizkaria 2015ko urr. 2a, 18:03

Larunbat eguerdiko 12:00etarako, ibilgailuez hustu beharko dira Atxegalde, Olarriondo, Kaxkoa, Kalezar, Santuenea edota Udarregi Ikastola inguruko hainbat kale. Ibilgailu guztiok aparkatzea baimendua egongo den beste zonaldeetara jo dezakete edota Ugaldea zein Atallu industriaguneetara.

Urriaren 4an baimendutako ibilgailuek baino ezingo dute ibili udalerrian barrena. Larrialdi egoerarik sortuko balitz, Udaltzaingoarekin hartuemanetan jartzeko deialdia egin da. Hona hemen, #Kilometroak15 jaialdiari begira izango dira kale mozketei lotuta, Udaltzaingotik helarazi diguten informazioa:

"Jakingo duzuenez datorren igandean, urriak 4, Kilometroak festa ospatuko dugu Usurbilen. Berrogei mila pertsona inguratzea espero da eta ekitaldia ondo joateko mila eta bostehun bolondres ibiliko gara hainbat lanetan (trafiko lanak, segurtasuna, garbitasuna, txosnak...).

Herritar guztiok egun alai bat pasako dugulakoan gaude, baina horretarako trafiko arduradunok zuen laguntza eskatzera gatozkizue. Jarraian atxikitzen dugun mapan agertzen diren aparkaleku eta guneek IBILGAILURIK GABE egon beharko dute eta horretarako, urriaren 3an, eguerdiko 12:00etatik aurrera, mapan urdinez markatutako guneetan ibilgailurik ez aparkatzea eskatzen dizuegu. Kotxe eta bestelako ibilgailuak Ugaldea industrialdean edo Atalluko azken zatian aparkatzeko aukera izango duzue.

Igande horretan baimendu gabeko ibilgailuek ezin izango dute kaleetan zehar ibili eta larrialdiren bat ematen bada gurekin harremanetan jarri beharko duzue (tfnoa: 943 361 112)".

Adi trafiko oharrei

-Ibilgailuen aparkalekuak: Urbil (Donostiatik G-20tik datozenentzat), Belartza (N-1 errepidetik datozenentzat) eta Aritzeta (A-8tik datozenentzat).

-Autobus “lanzaderak” aparkalekuetatik Zumartegi industriagunera.

-Autobusen aparkalekua: Zumartegi industriagunea.

-Autokarabanen aparkalekuak: Atxegaldeko Mahaspildegi elkarte azpian, Urdaiagan, Harane eta Araetako aparkalekuetan.

-N-634 errepidearen trafikoa murriztuko dute, Belartzako errotondatik Orioko Txanka pareraino. Errepidea irekita soilik: autobusentzat, larrialdi zerbitzuentzat, edo premia duten herritarrentzat.

-Udalerrirako sarrerak itxita ibilgailuentzat. Zubietan ere Eskola Txiki parean itxiko da sarrera ibilgailuentzat. Hortik Santuenera bidera irekita oinezko eta bizikleta erabiltzaileentzat.

-Udalerri barruan: larrialdi egoeretan izan ezik, zirkuitua igaroko den kaleetan ezingo da autoa aparkatuta utzi ezta mugitu ere.