Usurbil oinezkoena, KMK15 egun osoz

Noaua Aldizkaria 2015ko urr. 4a, 08:04

"Hasi Ikastolatik, Aranerrekatik jarraitu, Txaragañarekin segi, Atallu ondotik eta azkenik, Santueneko gunean murgiltzeko aukera izango dugu, eta hori jarraituz, besteak beste, frontoi atzeko Zumetaren mural koloretsua, Oria ibaia, Andatza mendiaren magalak, Kalezarreko kale estuak edota Usurbilgo erriberako sagasti eta baratzak ezagutuko dituzte bertaratzen direnek", #Kilometroak15 jaialdiko antolatzaileek, urriaren 4ko egitaraua aurkezteko eginiko agerraldian adierazi zutenez.

Usurbilgo txokoez gozatzeko gonbita luzatzen diete, udalerri honetan igande honetan bisitan izango ditugun milaka herritarrei. Bost kilometroko zirkuituak horretarako eta gehiagorako emango du.

Usurbila etortzeko garraio publikoa baliatzea aholkatu dute, eta "hori bultzatzeko, tren eta autobus zerbitzuen maiztasunak handiagotuko ditugu. Ezingo da autoz iritsi Usurbilera, N-634 errepidea itxita egongo baita Orio eta Errekalde bitartean; aparkalekuak Urbilen, Belartzan eta Aritzetan izango dira, eta horietatik, lanzaderak jarriko dira".

Bizikleta martxa

Bestalde, bizikletaren erabilera ere sustatu nahi dute, Zubietatik barrena Santueneatik #Kilometroak15 ekimenera heltzeko. Horregatik, bizikleta martxa antolatzea bururatu zaie. "Garraiobide jasangarriak sustatze aldera, Donostiatik abiatu eta Añorga, Lasarte eta Zubieta igaroz, Usurbilera iritsiko den bizikleta martxa girotu bat ere antolatu dugu, bizikletan etortzeko hautua egiten dutenentzat".

Trafikoari loturiko oharrak, urriaren 4rako

-Ibilgailuen aparkalekuak: Urbil (Donostiatik G-20tik datozenentzat), Belartza (N-1 errepidetik datozenentzat) eta Aritzeta (A-8tik datozenentzat).

-Autobus “lanzaderak” aparkalekuetatik Zumartegi industriagunera.

-Autobusen aparkalekua: Zumartegi industriagunea.

-Autokarabanen aparkalekuak: Atxegaldeko Mahaspildegi elkarte azpian, Urdaiagan, Harane eta Araetako aparkalekuetan.

-N-634 errepidearen trafikoa murriztuko dute, Belartzako errotondatik Orioko Txanka pareraino. Errepidea irekita soilik: autobusentzat, larrialdi zerbitzuentzat, edo premia duten herritarrentzat.

-Udalerrirako sarrerak itxita ibilgailuentzat. Zubietan ere Eskola Txiki parean itxiko da sarrera ibilgailuentzat. Hortik Santuenera bidera irekita oinezko eta bizikleta erabiltzaileentzat.

-Udalerri barruan: zirkuitua igaroko den kaleetan ezingo da autoa aparkatuta utzi ezta mugitu ere. Urriaren 3rako autoak hainbat guneetatik lekuz mugitu beharko dira. Guneotan, Udaltzaingoa oharrak jartzen ari dira. Ohar horiei kasu egin. Autoa ezinbestean hartu behar duenak jar dadila harremanetan Udaltzaingoarekin (943 361 112).