Zirkuitu, gune eta ekimen inklusiboak, KMK15 egunez

Noaua Aldizkaria 2015ko urr. 4a, 08:27

Usurbilen dugun orografia ezin aldatu noski eta dugun errealitatera egokituko da #Kilometroak15 ekimena ere. Baina inklusibitatearen ikuspuntutik, denok jaialdiaz goza dezagun bazen zer egina. Eta horretan aritu da Guztiok Gattunk batzordea azken urtean. Inklusibitatea ezagutarazi eta hainbat ekimen antolatzearekin batera, urriaren 4rako ere ekarpen ugari egin ditu.

Aparteko bide bat edo bide egokitu bat egiteko aukera baztertuta, jendarte anitzari egokituriko zirkuitua landu dute. Gogoan izan, inklusibitatea, parekidetasun eta jasangarritasunarekin batera, #Kilometroak15 ekimeneko zeharlerroetako bat dugu. Eta horrek islada argia izango du igandeko jaialdian. Gune eta ibilbidearen berri ematen duen eskuorrian, malden eta guneen zoruari buruzko informazioa erantsi dute. Ez baita ahaztu behar, gune batzuk belardietan kokatuko direla, beste batzuk asfaltaturiko tokietan.

Zirkuitua eta guneez gain, ekintza inklusiboak izango dira. Horren erakusgarri Erronka. Batetik, parte hartuko duten Gipuzkoako 21 ikastoletako ikasle taldeak kide gehiagoz osatzeko aukera eskaini da aurten,  eta horrek parte hartzea handitu du noski. Iaz baino 100 erronkari inguru gehiago etorriko dira igandean Usurbila; guztira, 339 gazte espero dira. Erronka bera gainera, gune bakar batean ospatu beharrean, 4 guneetan eta egun osoz izango da. Eta finala ere inklusiboa izango da. Aurten, talde guztien artean jokatuko baita Atallun. Erronkako probetan gainera, gaitasun ezberdinak lantzeko aukera izango dute partaideek.

Urriak 4, igandea

1. gunea, Ikastola/Agerialde:

Udarregi Ikastolako belardian:

09:30 Erronka: harrera.

10:00 Erronka: aurkezpena.

Agerialden:

11:00 Erronka: 1. proba.

12:45 Erronka: 2. proba.

13:30 Amaiera.

2. gunea, Aranerreka/Agerreazpi:

11:00 Erronka: 1. proba.

12:45 Erronka: 2. proba.

3. gunea, Txaragaña/Harane

11:00 Erronka: 1. proba.

12:45 Erronka: 2. proba (13:30etan amaiera).

4. gunea, Atallu/Bizkarre:

11:00 Erronka: 1. proba.

12:45 Erronka: 2. proba.

16:30 Erronka: finala.

Informazio gehiago:

Erronka

kilometroak.eus

Jarduera inklusiboak Kalezarren eta Santuenean

Inklusibitateak gainera, gune propioa izango du Kalezarren. Guztiontzako Gurpildun Aulkiko Saskibaloia iragarri dute, Salto Bera Bera Kirol Taldekoen eta Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioaren eskutik. Santuenean bestalde, ginkana inklusiboa egingo dute, GUREAK-en eskutik.

K gunea, Kalezar:

Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak antolatutako tailer inklusiboak eta komun unibertsala.

KMK15: egitaraua eta zirkuitua

Dekalogoa, sentsibilizazio ekimenak...

#Kilometroak15 ekimena egun bateko jaialdia izango den arren, urte osoko lana dago atzean. Tartean, besteak beste, ikastolen festa antolatzeko sortu diren batzordeen artean, estreinakoz Usurbilen martxan jarri den Guztiok Gattunk lan taldea aipatu behar. "Gaitasun ezberdinak ditugun eragileok gaitasun anitzeko jendartearen beharrei erantzun nahi diegu, festa, ekimenak, hezkuntza eta baliabideak guztiontzako pentsatuak izan eta guztiok parte hartu ahal izateko eraiki daitezen", aipatu batzordetik adierazi dutenez.

Urriaren 4rako eginiko planteamendutik haratago doa Guztiok Gattunk batzordeak eginiko ekarpena. "Sentsibilizazio eta pedagogiarako ekimen anitz egin ditugu Udarregin, Usurbilen eta Gipuzkoan; batzuk aipatzearren, proposamen didaktiko inklusiboa, estreinatu berri dugun Jendartean Bidaide antzezlana, Gizarte Inklusiborako dekalogoa, eta hainbat mahainguru".