Joan Mari Torrealdai omendu du KMK15-ek

Noaua Aldizkaria 2015ko urr. 5a, 12:22

Hasiera ekitaldi berezi eta ezberdina izan da aurtengo #Kilometroak15 ekimenekoa. Ez zen zinta mozketarik izan, "aurten, abestiaren letrari jarraiki, eta euskararen eta ikastolen inguruan denok biltzeko nahiaren sinbolo, herritarrek eta politikariek heldutako soka" lotzeak eman zion ofizialki hasiera, Gipuzkoako ikastolen aldeko jaiari. Joan Mari Torrealdaik izan zuen bi soka muturrak lotzeko ohorea.

Hunkituta agertu zen hasiera ekitaldiko unerik gorenean. Baita eguerdian ere. #Kilometroak15-ek Joan Mari Torrealdai omendu baitzuen. Etxekoak, Jakin Fundazioa, Ikastolen Elkartea eta Udarregi Ikastolako kideak batu zituen ekitaldian, omenduak hainbat pertsona izan zitezkeela esan zuen, eta eskerrak eman zizkien Udarregi Ikastolari eta Kilometroak 2015eko antolatzaileei berarekin gogoratzeagatik.

Familia argazkiak atera zituzten gero: etxekoekin lehenengo, Jakineko lagunekin gero, eta Udarregiko eta Ikastolen Elkarteko ordezkariekin azkenik. Txoria txori abestia kantatuz amaitu zen omenaldia.