KMK15: "Euskaltzaleek erantzun ezin hobea eman dute"

Noaua Aldizkaria 2015ko urr. 5a, 13:17

Eguraldiak azken orduan eragindako plan aldaketak salbu, oso pozik dira #Kilometroak15 ekimeneko antolatzaileak, atzo Usurbilen ospaturiko jaialdi erraldoiarekin. "Sekulako erantzuna eman dute boluntarioek, herritarrek eta baita Usurbilera gerturatu diren milaka euskaltzalek ere", nabarmendu dute.

Primerako eguna eta pozik baita, urtean zehar parekidetasun, jasangarritasun eta inklusibitatean emandako urratsek, igandeko jaialdian izan zuten isladarekin.

"Urtebetean ezin da gauza handirik egin, noski, baina aldatzeko lehen urratsak ematen hasi gara Usurbilen, eta horrek jarraipena izan dezala da antolatzaileon nahia. Esaterako, antolatzaile guztiek zekiten, inork eraso sexista bat jasan duela esango balie, zer egin beharko luketen. Tailer inklusiboak primeran joan dira, komun unibertsalak ere arrakasta izugarria izan du, eta Erronkan parte hartu duten erronkariek itsu baten edo gurpildun aulkian dagoen pertsonaren azalean jartzeko aukera izan dute, jokoen bidez. Horrez gain, giro ederrean etorri da jendea bizikleta martxan Donostiatik, iturriko urak harrera oso ona izan du Usurbilera bertaratu direnen artean eta ahalegin berezia egiten ari gara gaurko egunean sortutako hondakin guztiak behar bezala sailkatzen, ondoren birziklatu ahal izateko; baita edalontzi berrerabilgarriak berreskuratzeko ere.

Beraz, antolatzaileon gogoa guztiz asebeteta dago: urte guztian zehar parekidetasunean, jasangarritasunean eta inklusibitatean egindako lan eta ahaleginek fruituak eman dituzte; euskaltzaleek erantzun ezin hobea eman dute, eta oso albiste ona da hori guretzat. Bide egokian gindoazela sinistuta geunden, baina jendearen erantzunak horretaz ziur egotera garamatza", diote antolatzaileek.

"Huts egin duen bakarra eguraldia"

Normaltasun osoz ospaturiko jaia, eguraldiak goibeldu zuen zenbait unetan. "Horrek sortu du gaurko egunean ezohiko gertakari bakarra: Txaragañan lehenengo, Ikastolako gunean gero, eta Aranerrekan, azkenik, bertan behera gelditu dira zenbait ekitaldi [azken horretan, kontzertu bakarra geratu da bertan behera, Eskean Kristo taldearena]. Behin hori pasata, eguraldiak hobetzera egin du eta normaltasunez bete dira egitarauan aurreikusitako ekitaldiak gainontzeko guneetan; besteren artean, Erronkako finala eta kontzertuak", berri eman dute antolatzaileek.

Laguntzarako bideak zabalik

Atzoko jaialdian, Bergarako Aranzadi ikastolak hartu zuen Kilometroak 2016 antolatzeko lekukoa, Udarregi Ikastolako kideen eskutik. Hirugarrenez antolatuko dute ekimena, eta Usurbilgo antolatzaileen esanetan, "lan egiteko borondatea erakutsi dute".

Lekukoa Bergarak hartu arren, Udarregi Ikastola diruz laguntzeko bideek zabalik jarraitzen dute.

Kutxa ES 56 2095 5001 0091 1435 4829

Laboral Kutxa ES 22 3035 0235 2223 5003 5198